Herriko irisgarritasuna aztertzeko bigarren bilera egingo dute ostegunean

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 14a, 09:00

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, herrirako irisgarritasun plan berria lantzen ari da udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bigarren bilera irekia antolatu du datorren ostegunerako. Udaletxeko areto nagusian izango da bilera, 19:00etan hasita.

Oriok irisgarritasunari dagokionean dituen oztopoak atzeman eta haiei irtenbidea eman nahi die udalak, eta horretarako, irisgarritasun plan berria lantzen ari da, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean. Martxoan herriko hainbat erakunde, elkarte eta klubekin bildu ostean, apirilean bilera ireki batera deitu zituen herritarrak, haien iritziak eta proposamenak ere jaso nahi dituelako. Orain, bigarren bilera ireki baterako deia egin du. Datorren ostegunean, hilak 19, izango da hori, udaletxeko areto nagusian, udalbatzarra biltzen den aretoan (bigarren solairuan, igogailuarekin). 

Iñigo Iturbe eta Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kideak ere han izango dira, eta haiek arduratuko dira bilera gidatzeaz. Asistentzia baieztatzeko eta zalantzak argitzeko, Whatsapp zenbaki bat jarri dute herritarren eskura: 635 75 13 39.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!