Kukuarri Astea abiatuko dute igandean

Aiora Solaberrieta LarraƱaga 2022ko mai. 18a, 16:30

Mendi Lasterketa izango da hilaren 22an, eta hurrengo egunetarako hainbat jarduera antolatu dituzte mendia ardatz hartuta.

Kukuarri Eguna ospatzen da urtero maiatzeko azken igandean, eta egun horren bueltan Kukuarri Astea antolatu du Orioko Talai Mendi elkarteak. Mendi lasterketak abiatuko du egitaraua igandean, eta horrez gain, orientazio saioak, slackline-a, eskalada jardunaldia eta Alex Txikonen Mundu bat motxilan liburuaren aurkezpena ere izango dira, besteak beste.

Orientazio saioak astelehenean eta asteartean egingo dituzte. Lehen egunerako iparrorratza eta mapak erabiltzeko ikastaroa antolatu dute Gipuzkoako Orientazio Taldearen eskutik, 10-14 urte artekoentzat. Hurrengo egunean, berriz, orientazio proba egingo dute. Hala, parte hartzaileek herrian zehar ezkutatutako mugarriak aurkitu beharko dituzte. 

EGITARAUA

MAIATZAK 22, igandea
10:00. Mendi lasterketa. Irteera herriko plazatik izango da. 
maiatzak 23, astelehena
17:00. Iparrorratza eta mapak erabiltzeko ikastaroa, 10-14 urte artekoentzat.

MAIATZAK 24, asteartea
17:30. Orientazio proba GOT taldearen laguntzarekin. 
maiatzak 26, osteguna
17:00-20:00. Slackine-a Tirolinako Parkean.

MAIATZAK 27, ostirala
19:00. Alex Txikonen Mundu bat motxilan liburuaren aurkezpena, bideo-emanaldia eta solasaldia Kultur Etxean. Gonbitak aldez aurretik hartu behar dira Kultur Etxean.
maiatzak 28, larunbata
16:00-19:30. Rokodromoa Karela kiroldegian, adin guztietako haurrentzat.
16:00-19:30. Elizako paretan eskalatzeko eta yumareatzeko saioa.
16:00-19:30. Tirolina elizatik plazara.
maiatzak 29, igandea, kukuarri eguna
09:00. Kukuarrira irteera herriko plazatik.
11:00. Gurutzean elizkizuna, eta ondoren, hamaiketakoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!