"Neure buruarekin bakean egoteko aukera eman dit mendiak"

Aitor Manterola Garate - Berria 2022ko mai. 20a, 09:00

Elikaduraren nahasmendua izan zuen. Arraunean ari zen, eta 2021ean jakinarazi zuen zer zeukan. Iaz, jarraitu egin zuen, osatze bidean zegoela. Orain, mendi lasterketetan soilik ari da Galiziako kirolaria, gaitzaren arrastorik gabe, kirolaz gozatzen.

Eta, orain, korrika. Noiztik?

Duela gutxi hasi nintzen. Korrika egitea beti gustatu izan zait, baina serio entrenatzen, plangintza nik neuk eginda-eta, abendutik.

Nolatan?

Erresistentzia aldetik gaitasun handikoa naiz. Mendia asko gustatzen zait. Neure buruari esan nion: «Hainbeste gustatuta, zergatik ez hasi?».

Esan duzu zuk zeuk egiten duzula plangintza. Ikasi duzu horri buruz [Kirol Zientzietan graduatua da].

Ikasteko balio dit. Gauzak probatzen ibiltzen naiz. Azkenean, ni neu naiz nire entrenatzailea. Baina batzuetan zaila izaten da.

Zergatik?

Buruko leku berean daude entrenatzailea eta kirolaria, eta batzuetan ez datoz bat. Adibidez, egun batean gustura noa korrika, eta egingo nituzke kilometro gehiago, baina ezin dut, egun horretan ez delako tokatzen hainbeste egitea. Borroka bat da buruarentzat, baina ondo dago, ikasiz joateko.

Nola izan da korrika lehiatzen hastea?

Bi lasterketa baino ez ditut egin. Nafarroan izan zen aurrenekoa, Uharten. Zorakeria bat izan zen! Hogei kilometro izan ziren, eta ia akabatu nintzen. Bigarrena Ainsan izan zen, apirileko lehen astean, ia 33 kilometrokoa. Bosgarren egin nuen emakumezkoetan, eta 66. lasterketan, orotara. Azkeneko hogei kilometroak maldan behera izan ziren, gazela baten pare. Oso eroso ibili nintzen, gustura. Azkeneko anoa postuan esan zidaten bosgarren nindoala, eta han bota nituen eskuan neuzkan intxaurrak. Podiuma egitea pasatu zitzaidan burutik [barrezka].

Gora edo behera hobeto?

Gora kosta egiten zait oraindik. Arraunlariek hanka ahulak izaten ditugu, esplosibitate eta oldarkortasun gutxikoak. Landu egin behar ditut. Goraka oinez eta lasterka joaten naiz. Beheraka, berriz, seguru joaten naiz. Beldurrik gabe. Martxa geldian jarri, eta segi. Erortzen banaiz, erori egiten naiz.

Arraunlariak korrika ikustea ez da oso estetikoa.

Ez da, ez. Ikusiko bazenu nola joaten naizen; ematen du botaka ari naizela. Ematen du zorabiatuta noala, mahatsa zapaltzen bezala. Lasterketako teknika oso itsusia daukat.

Zer lasterketa ari zara prestatzen orain?

Salomon lasterketa, urrikoa, 42 kilometrokoa. Nekatuta nabil, eta, horregatik, asteburuan, Orioko lasterketa oso gaizki egingo dut. Baina sekulako ilusioa egiten dit. Gozatzera noa. Jende ezagun asko ikusiko dut, taldekideak... Gainera, Kukuarri gaina etxea bezala ezagutzen dut, hainbat bider igo eta jaitsi dudalako.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!