Ibai Fresnedo: "Parte-hartzaileen bizipenetatik abiatuta, hausnarketa kolektibo bat egingo dugu heteroarauen inguruan"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko mai. 20a, 13:30
Ibai Fresnedo. (Kronika.eus)

Etxeluze gaztetxeak antolatu du lau orduko tailerra bihar arratsalderako eta Hiruki Larroxako kide Ibai Fresnedok gidatuko du. 

Sexu eta genero disidentzia. Heteroarauari erresistentzia tailerra antolatu du Etxeluze Gaztetxeak, bihar arratsalderako. Hiruki Larroxa Kolektiboko kide Ibai Fresnedok gidatuko du lau orduko saioa, eta asmoa da gizartean errotuta daude heteroarauak ezbaian jartzea.

Fresnedok aitortu du gizarte eragileetan ez dela gaia lantzen, eta lantzen denean askotan ez dakitela nola jorratu. "Askotan gaia LGTBI+ siglen bueltan jartzen da mahai gainean, baina Hiruki Larrosako kideok uste dugu heteroarauen inguruan hitz egin behar genukeela eta ez hainbeste sigla anitzen inguruan. Izan ere, heteroarauak eraginda pertsonok zailtasunak izaten ditugu modu integralean garatzeko, eta horren aurrean badago sexu eta genero disidentzia bat". Heteroarauan oinarrituta egunerokoan gerta daitezkeen indarkeriak ere identifikatuko dituzte. "Eraso batzuk sotilak dira, baina badaude larriagoak ere. Interesgarria da aztertzea herri mugimendutik zer nolako erresistentzia sortu daitekeen horrelako egoeren aurrean», azaldu du Fresnedok.

Tailerraren metodologia parte-hartzailea izango da. Beharrezkoak diren edukien azalpenak emango dituzte, baina Hiruki Larrosako kidearen esanetan «garrantzitsuena da parte-hartzaileen bizipenetatik abiatuta, hausnarketa kolektibo bat egitea eta kontzientzia hartzea». 

Heteroarauak
Fresnedok azaldu du gizartea egituratuta dagoela "heterosexualitatearen bueltan", eta horri lotutako diskurtsoa, praktikak eta errituak direla heteroarauak. "Heterosexualitate hori oso lotuta dago genero rolei eta horien arteko osagarritasunari: maskulinoa eta femenino dikotomiari, hain zuzen ere. Horregatik, gure arteko harremanak heterosexulitatearen bueltan garatzen dira nagusiki". Hala, gizartea egituratzen duten arau horiei aurre nola egin hausnartuko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!