Walther Becerra eta Oihana Kortazarrentzat izan dira garaipenak II. Talai-Mendi Trailean

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 22a, 15:02

Gaur goizean hamalau kilometroko ibilbidea egin dute berrehun korrikalaritik gorak  herrigunetik abiatu eta Kukuarri mendiaren bueltan. Oriotar eta aiar asko animatu dira lasterketa egitera, eta giro polita izan da nagusi. Beroak, dena den, parte hartzaile bati baino gehiagori erasan dio.

10:00etan puntuan atera dira II. Talai-Mendi Trail probako parte hartzaileak maldan gora, San Martinerantz. Aurreneko hamar minutuetan pasatu dira guztiak puntu horretatik, eta Kukuarri puntarainoko bidea egin dute, eta handik berriro herriko plazara, elizako aldapatik behera.

Beroa eta hezetasuna izan dituzte lagun bide osoan zehar, eta horrek bati baino gehiagori erasan dio helmugara iritsi ondoren. Oro har, ordea, giro politean egin dute proba parte hartzaileek; berrehundik gora izan dira animatu diren gizon-emakumeak.

Azkarrenak Walther Becerra (01:01:26) eta Oihana Kortazar (01:13:51) izan dira. Kortazar atzo Txindokiko Bertikala irabaztetik zetorren, eta gaur ere ez du hutsik egin. Nagusitasunez irabazi du mendi lasterketa, hemeretzi minutuko aldea aterata Oihana Zubillagari (01:20:02). Nerea Amilibia aiarrak egin du hirugarren (01:22:04), eta pozarren helmugaratu da podiumeko postua ziurtatuta.

Gizonezkoetan, Ibai Makazagak egindako lana azpimarratu behar. Iaz berea izan zen garaipena, eta aurten bigarren helmugaratu da, denbora ona eginda (01:03:51). Xabier Sarranzek osatu du podiuma (01:04:09).

Gizonezkoetan, laugarren eta seigarren postuak ere etxean gelditu dira, Mikel Usandizaga aiarra izan baita laugarren (01:04:54) eta Mikel Azkue oriotarra, seigarren (01:09:50). Beste bi oriotar ere helmugaratu dira lehendabiziko hamar korrikalariren artean: Oihan Lizaso bederatzigarren izan da (01:11:39) eta hamargarren, berriz, Aitor Rubio (01:12:06). Emakumezkoetan, Ainhoa Usandizaga aiarra seigarren izan da (01:26:44).

Hemen ikus daiteke sailkapena osorik.

Talai Mendi elkarteak gaurko mendi lasterketarekin abiatu du Kukuarri Astea. Egitarau bete-betea prestatu du herritarrentzat. Hemen informazio guztia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!