Anuska Esnal: "Herriko eragileen lana ezinbestekoa da udako kirol ikastaroen antolakuntzan"

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 23a, 14:51
Garitano, Esnal eta Iparragirre gaur goizeko agerraldian (Iñigo Gaiton)

11 kirol modalitatetan trebatzeko aukera izango dute aurtengo udan herriko haur eta gaztetxoek. Izen emateko prozedura aldatu izana da aurtengo berrikuntza nagusia.

Aurten ere, haur eta gaztetxoei zuzendutako udako kirol eskaintza mardula da Orion. Ohi bezala, herriko kirol eragileen eta udalaren elkarlanetik sortu da ikastaro sorta zabala, eta aurten egon diren berrikuntza batzuk tarteko, ordezkariek agerraldia egin dute Arraunetxen gaur goizean, azalpenak emateko.

Hitzartzea hasi orduko, udako eskaintzaren helburu nagusiak aletu ditu Esnalek: "Ikasturtean zehar gaztetxoek egindako kirol-jarduerari jarraipena ematea, neguko hilabeteetan egiten zailagoak diren modalitateei tartea eskaintzea, eta naturarekin harreman zuzena duten praktika berriak ezagutzeko aukera ematea". 

Alkateak azpimarra egin dio kirol eragileen lanari eta horiek guztiek udalarekin elkarlanerako erakusten duten borondate onari: "Balioan jarri nahi dugu herriko kirol-eragile guztiek egiten duten lana. Ezin izan dira prentsaurrekora etorri, baina haiek dira protagonista nagusiak, kirol-eskaintza anitza bermatzen dutelako".

Pandemiaren ondorioz ezohiko bi uda pasatu eta gero, aurten normaltasun osoz egingo dira ikastaroak, eta prentsaurrekoan azaldu dutenez, saiatu dira udako eskaintzari bultzada bat ematen.

Jose Angel Iparragirre udaleko kirol saileko batzordeburuaren hitzetan, inskripzioak egiteko modua aldatu izana da aurtengo kanpainaren berritasun nagusia. Hala, aurten eragile bakoitzaren ardura da berak ematen dituen ikastaroen izen ematea antolatzea. Izan ere, eragileek gertutik ezagutzen dituzte ikastaroen eta kirol bakoitzaren ezaugarriak, eta bitartekorik gabe (lehen BPXport enpresaren bidez egin behar ziren inskripzio guztiak), interesatuen eta elkarteen arteko informazio trukaketa argiagoa izatea espero dute. "Eragileengandik jasotako proposamena da, eta koordinazio-lanak erraztuko ditu. Izen-ematea bera ere arinagoa izango da, lehen jendeak ilarak egiten baitzituen seme-alabak inskribatzeko", argitu du Iparragirrek.

Udako kirol-eskaintza Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutako Eskola Kirola programaren luzapena dela gogoratu du Iparragirrek, gaztetxoek egiten duten jarduera fisikoa uda garaian ez eteteko.

5 eragile, 11 jarduera

Aurtengo udako kanpainan, bost dira uztailetik abuztura ikastaroak antolatzeaz arduratuko diren herriko eragileak: BPXport, Orio Bate Bizkorrak, Orioko Futbol Elkartea, Orio Arraun Elkartea eta Orio Surf Taldea. Guztira, 11 kirol modalitate probatu ahal izango dira ikastaroetan. Horietako zazpi, kiroldegian: Aerobika, Ciclo indoor, Total Training, Pilates, Igeriketa, Padela eta 'Uda sasoian' edo 'Kirol anitza'. Horiez gain, softbola-beisbola, futbola, arrauna eta surfa ere emango dira ikastaroetan.

Luis Garitano Karela Kiroldegiko arduradunak azaldu duenez, kiroldegiko jardueren izen-ematea erritmo onean doa: "Iazko eskaintzak izandako harrera onaren ondoren, aurten ere errepikatzea erabaki dugu. Aurre izen-emate moduko bat aktibatu genuen lehenik, eta herritar asko etorri ziren galdezka; izen-ematea martxan jarri denetik, haur eta gaztetxoei zuzendutako jardueretan 100 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko, eta gure mugatik hurbil gaude".

Izen-ematea, martxan

Izen-ematea joan zen astelehenean, maiatzak 16, zabaldu zuten, eta irekita egongo da hil amaierara arte. "Aurten, formulario bidez egin beharko da izen-ematea. Datuak bete, jarduera aukeratu, eta modalitate bakoitza kudeatzen duen entitateari bidali beharko zaio formularioa. Kiroldegiko ekintzen kasuan, harreran utzi daiteke. Gainerakoetan, aldiz, emailez bidali beharko zaie antolatzaileei. Eta, plaza konfirmatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion diru-sarrera egin eta ziurtagiria aurkeztea" azaldu du Iparragirrek.

Hemen klik eginda deskargatu daiteke udako ikastaroetan izena emateko formularioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!