PAPEREKOA

Belaunaldiz belaunaldi elkar zainduz

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 29a, 11:00

Tere Sorondok eta Joxe Ramon Etxeberriak 2004ko udan ezagutu zituzten Luba eta Nastya Onyshchenko ahizpa ukrainarrak, horiek 6 eta 8 urte zituztenean. Orain aste batzuk, ahizpen ilobak iritsi dira Ukrainako gerratik ihesi. 6 eta 8 urte dituzte Alexanderrek eta Nataschak ere. Nastya bera Ukrainan harrapatu du gerrak, eta hilabeteren buruan iritsi da hona, 16 urteko Dima lehengusua berarekin hartuta.

Apirila bere hondarrera iristen ari da, hilak 26 dituelako gaur; asteartea da. Errusiako armada Ukrainara sartu eta gerra hasi zuenetik 61 egun igaroak dira, eta istorio honetako protagonistetako bati mezua idatzi dio kazetariak: "Zer moduz zaudete, Luba? Aurrekoan zure ahizpa Nastyak esan zidan astebete zeneramatela amonaren berririk jakin gabe, eta espero dut denok ondo egotea". Erantzun lasaigarria iritsi da handik gutxira: "Amonak berak deitu digu halako batean. Denak ondo daude, eta bideo-deia egin ahal izan dugu". 

Ia hogei egun atzera eginda, apirilaren 4ra, orduan ere kazetariak "zer moduz zaude?" galdetuz hasi du elkarrizketa. Nastya Onyshchenko-ren (Blidcha, Ukraina, 1999)  ezpainek "ondo" esan dute, baina begiek beste zerbait diote. Baita gorputzak ere. Besaulkian postura eroria dauka. Lau egun daramatza Orion, gerra betean hilabete pasatu ondoren. Burua eta arima han ditu oraindik. 

Bizimodua egun batetik bestera deseginda, gauza asko bizitzea tokatu zaio lau astean: amona Ukrainan uzteak sortu dion nahigabea, soldadu errusiarrek eta bonbek eragindako beldurra, janaria agortu ahala handitzen den frustrazioa, hildakoak ikusi beharra. "Hildako asko", azpimarratu du. "Zorionez, ez dute inor hil nire aurrean. Zorteko sentitzen naiz", aitortu du. Elkarrizketaren amaieran izan da hori. Hasieran, hitzak kostata atera dira haren ahotik. 

Onyshchenko ez dago bakarrik kontakizuna egin duenean. Luba eta Dima anai-arrebak, Natascha eta Alexander ilobak eta Dima lehengusua ere egongelan daude. Baita Tere Sorondo eta Joxe Ramon Etxeberria ere. Azken horien etxean daude denak. "Nastya eta Luba duela hamazazpi urte etorri ziren aurreneko aldiz gure etxera, 6 eta 9 urte zituztenean, eta ordutik beti mantendu izan dugu harremana", esan dute senar-emazteek. Txernobyldik kilometro gutxira dago Blidcha, Ukrainako iparraldean, Bielorrusiako mugatik gertu. Beste hainbat haur ukrainar bezala hasi ziren etortzen uda pasatzera Euskal Herrira, eta Luba Orion gelditu zen bizitzen orain lau urte. Hemen zegoen gerra lehertu zenean, baita Dima anaia ere, oporretan. Nastya, berriz, Ukrainan bizi da, Blidchatik gertu dagoen Ivankiv hirian.

"Hemen familia edukita, zergatik ez zinen lehenago atera Ukrainatik?", galdetu dio kazetariak Nastyari. "Amonagatik. Mina ematen zidan hura bakarrik uzteak". Lubak hartu du hitza orduan, eta esan du amonak hasieratik esan ziela alde egiteko herrialdetik. "'Ni zaharra naiz eta hemen daukat bizitza, baina zuek, gazteok, joan egin behar duzue', esaten zigun". Nastyaren begirada eta hitz egiteko modua bigundu egiten dira amonaz aritzean. "Haren ondoan egon nahi nuen, baina egun batean soldadu ukrainarrek esan ziguten ez geundela seguru herrian, eta alde egin behar genuela, beraiek soldadu errusiarren aurka hasi behar zutelako borrokan. Gure soldaduak zeuden herriaren alde batean, eta bestaldean, errusiarrak". 

Amonari kasu egin zioten bilobek. Aurrena, Nastyaren eta Lubaren ilobak atera zituzten. Gerra hasi eta hamabost egunera joan zen Luba Ukrainara 6 eta 8 urteko Alexander eta Natascha iloben bila. Ondoren, Nastyak 16 urteko Dima lehengusua ekarri zuen berarekin. Dimaren 12 urteko arreba ere ekarri nahi zuen, baina Ukrainako mugan ez zioten Poloniara igarotzen utzi. "Pentsatzen genuen zaila izango zela, ez daukagulako paper egokirik esaten duenik haren gurasoek niri ematen didatela alaba herrialdetik ateratzeko baimena". Mugatik berriz Blidchara eraman zuten umea. Atzera etxera itzultzea ez omen zuen gaizki hartu haurrak. Nastyak, ordea, pena handia sentitu zuen. 

Eta amonari, nola esan ote zion agur Nastyak? Galdera entzun duenean, beherantz begiratu du, isilik. Ezin du hitzik egin. Segundoek aurrera egin dute. Topo egin dute begiradek, eta bienak busti dira. 

Gerrako egunak

"Gerra lehertu zenean, nik ezin nuen sinetsi. Nola gerra hasi dela? Baina bonbak entzuten genituen, sua ikusi toki askotan... Bizpahiru egun pasatu zirenean, orduan esan nuen, bai bai, gerran gaude eta hau da egoera", kontatu du Nastyak. Otsailaren 24an hasi zen inbasioa, eta Ivankiven zen bera. Han egiten zuen lan eta han zituen lagunak, baita familiako kide batzuk ere. 06:30ean alde egin zuen Blidchara, ordurako bonbak entzuten zituztelako. Autoz hogei minutura dago. Han, aurreneko astean, lasai egon ziren, soldadurik gabe. Gero errusiarrak iritsi ziren, eta "ezer gabe" gelditu ziren herritarrak. "Ez zen sartzen ez ogirik ez ezer, ezin genuen deirik egin, telebista ere ez zen ikusten...", azaldu du. "Soldaduak etortzen ziren patata eta esne bila, eta bereziki, neskak eta vodka nahi zituzten". Kazetaria ez da ausartu azken horren inguruko galderarik egiten. 

"Esnatzen zara eta tira, bizirik zaude behintzat, eta horrela pasatzen dituzu egunak", gogoratu du. 

"Egun batean, Dimaren aita, gure osaba, soldadu errusiarrek harrapatu zuten. Biluztu egin zuten, eta ikusi zuten sorbaldan marka bat zeukala, garai batean hezurra puskatu zuelako. Pentsatu zuten gerran zauritu zela, eta hil egin nahi zuten. Osabak azaldu zuen ez zekiela armarik erabiltzen eta, azkenean, bakean utzi zuten. Baina bere etxea erakutsi behar izan zuen. Etxe txiki bat da, eta bost pertsona bizi dira. Soldaduek esan zioten herriko etxe politena aukeratzeko. Han bizi ziren guztiak hilko zituztela, eta etxea berarentzat izango zela. Oso gaiztoak dira errusiarrak, oso gaiztoak". 

Hirugarren astean herrian ezer gabe gelditu ziren. "Ezer ez zegoen, baina ezer ere ez. Ez ogirik, ez ezer. Etxean zeukatenarekin gelditu da jendea. Ez Ivankiven, ez Blidchan, ez dago ezer. Herri pila gelditu dira horrela". Lubak argazki bat dauka sakelakoan. Amonarekin ageri dira bi ahizpak eta ilobak. Han dagoen anaiaren bitartez dakite amonaren berri. Ondo dago, momentuz. Baserria du, eta han bere baratzea eta animaliak, eta horiek eman diete jaten gerra hasi denetik bai onyshenkotarrei, bai inguruko hainbati. "Amonak irina zeukan eta horrekin ogi antzeko bat egiten du. Patata eta halakoak ere baditugu. Hamar kilo patata eman zizkien Kievetik etorritako batzuei. Ez zeukaten, eta zer egingo zuen, bada? Ume txikiarekin ondoko etxera etorri den familia bati ere bere behiaren esnea ematen dio", azaldu du Nastyak; "ukrainarrak horrelakoak gara", gaineratu du. Lubak hartu du hitza orduan. "Ez dakit lehen horrelakoak ginen; gerra hasi denetik, bai".

Poloniara joan aurretik, Ivankivera joateko aukera izan zuen Nastyak, ikustera ea hango senitartekoak onik ziren. "Familiakoak ondo zeuden, baina Ivankiv zeharo suntsituta utzi dute. Dena zegoen puskatuta eta zaborrez beteta. Errusiarrak sartzen diren toki guztiak horrela uzten dituzte. Hil diren beren soldaduak ere ez dituzte jasotzen". Nastyak azpimarratu du ikusi dituen soldadu errusiar guztiak gazte-gazteak direla, 19-20 urtekoak. "Errusiako soldaduek Ukrainatik alde ez egiteko, ez dezaten atzera egin eta desertatu, txetxeniar soldaduak joan dira atzetik. Norbaitek atzera egiten badu, hil egiten dute", kontatu du. 

Orain arte pelikuletan bakarrik ikusitakoak ari dira kontatzen. "Baina hau filmeetakoa baino okerragoa da. Nik inoiz ez nukeen pentsatuko 20 urteko mutil bat gai izango zenik beste pertsona bat hiltzeko, baina ari dira, aitonak eta amonak eta haurrak hil dituzte. Zer egingo dizute, bada, horiek?", esan du, asaldatuta. "Tira, amona batzuek bai", gaineratu du, eta gero, irribarrea ezin ezkutatuta, zera kontatu du, harro: "Amona batek soldatu batzuei esan zien otordua emango ziela eta joateko lasai bere etxera; eta, zer egingo, eta janariari arratoiak hiltzeko pozoia sartu zien. Zortzi soldadu hil zituen!". Baina istorio lazgarriak ere baditu kontatzeko: "Nire lagun handi baten amona bere etxean hil zuten. Soldaduak sartu ziren gerrako hirugarren egunean bere etxera, eta ezer esan gabe, hil egin zuten. Hantxe utzi zuten botata. Ezin da ulertu". 

Blidchako egoera jasanezina egin zenean, Nastyak eta lehengusuak oinez pasatu zuten Ukraina eta Polonia arteko muga, martxoaren amaieran. Jende asko ikusi zuten herrialdetik irteten, baina baita beste asko sartzen ere. "Herritarrek beren etxeetara itzuli nahi dute", azaldu du Nastyak. Mugara iristea ez zitzaien zaila egin, Blidchatik Polonia alderako eremu osoan soldadu ukrainarrak daudelako. "Kontrol asko zeuden, baina gure soldaduak direnez, ez genuen arazorik izan". Zailena beren herritik irtetea izan zen. Hiru bider saiatu ziren, alde egitea lortu aurretik. "Gasolinarekin ere arazoak izan genituen, hamar litro inguru bakarrik genituelako. Eta autorik gabe ezin dugu alde egin. Autoan hiru ordu pasatu genituen arbola tartean, hiru ordu!". 

Google Maps-en arabera, Blidchatik 3.134 kilometrora daude orain, 32 orduko bidaia da autoz. Irungo mugan elkartu ziren bi ahizpak, etxerako azken kilometroak elkarrekin eginez.

Elkar babestuz

Onyshchenko ahizpek beti izan dute beren amonaren babesa Ukrainan, baita Etxeberriaren eta Sorondoren babesa ere. Familia garrantzitsua da, are gehiago gerra bezalako muturreko egoeretan, eta horregatik, beraiek ere ez dute zalantzarik egin familiako gazteenak zaintzerakoan. Luba, esaterako, bi aldiz pentsatu gabe atera zen Ukrainarantz Ander lagunarekin eta Dima anaiarekin iloben bila. Halako batean lortu zuen Poloniako muga pasatzea —aurreneko mugan ez zieten utzi pasatzen, mugatik gertu misilak botatzen hasi zirelako; beste mugara joan, eta hura itxita aurkitu zuten; hirugarren mugan lortu zuten pasatzea— eta gerra betean zen Ukrainan sartu zen, martxoaren 12an. 

Aurrez, Ivan anaiak umeak mugara eramateko modua aurkitu behar izan zuen. "Bidea ikasi behar izan zuen, herritik ateratzea arriskutsua zelako, eta basotik barrena egin zuten", azaldu du, baina xehetasun gehiago eman gabe. Mugara iritsi ziren gurasoak eta haurrak, eta amak erabaki zuen ez zuela senarra bakarrik utziko Ukrainan —gerra dagoenez gizonezko helduek ezin dute herrialdetik irten—, eta han gelditu zen. Beraiek zortzi ordu egin behar izan zituzten ilaran mugan. Oinez ziren. "Asko ume txikiekin zeuden, denak irten eta irten. Zorionez, abizen bera dugu ilobek eta nik, eta ez genuen arazorik eduki, bestela...". Irteterakoan, hala ere, arduradunak Natascha ilobari eskatu zion amari deitzeko, "ziurtatzeko ni izeba nintzela eta nirekin zetozela bazekitela gurasoek. Izan ere, tranpa asko dago orain. Polonian, berriz, ez ziguten ezer galdetu", kontatu du Lubak. "Pixka bat gogorra izan zen gurasoentzat umeak gurekin uztea, baina tira". Oriotarrek emandako laguntza azpimarratu nahi du, "bidaiako gastuen erdiak herritarrei esker ordaindu ditugulako". 

Onyschenkotarren ilobak Luba eta Nastya aurreneko aldiz etorri ziren adin bertsuan etorri dira, eta horrek oroitzapen asko berpiztuarazi dizkie Sorondori eta Etxeberriari. "Hegazkinetik jaitsi zirenean sentitu genuen emozioa ikaragarria izan zen. Hain ziren politak! Gainera, bi neska. Hori bai, oso bihurriak; txikia behintzat bai. Oso mugitua zen", kontatu du Sorondok. 

Hemengo familiaren eskuzabaltasunaz galdetuta, Lubak goxo hitz egin du: "Oso arraroa iruditzen zait Joxe Ramonek eta Terek egin dutena: kanpoko ume batzuk hartu eta hainbesteko maitasuna eskaintzea eta horrenbeste laguntzea. Hori da jendeak kristoren arima, bihotza edukitzea". Sorondok esan du ez beraiek bakarrik, hemengo familia osoak maite izan dituela asko hasieratik eta onartuak izan direla beti. Etxeberriak ere bihotzez hitz egin du: "Txikitan ez horrenbeste, baina hazi ahala konturatu dira; guri ere maitasuna ematen digute, eta guretzat saririk handiena hori da, ikustea pixka bat gure sentitzen direla eta bueltan jasotzen dugula maitasuna".

Helduek hitz egiten duten bitartean, batera eta bestera dabiltza Natascha eta Alexander txikiak. Aurpegiera serioa dute, baina azkar argitzen zaie begirada goxoki baten aurrean edo margotzeko pintura bat ikusiz gero. Orioko Ikastolan hasita daude, eta "ederki" moldatu omen dira han; gustura joaten omen dira. Hemen bizitzeko urtebeteko baimena dute oraingoz, eta bi familien babes eta berotasun guztia. Baina hizki larriz idazten den historiak bezala, bizitza umilenek ere mila buelta eta abentura ematen dituzte, eta zeinek jakin non eta nola jarraituko duen historiak onyschenkotarrentzat.

Erlazionatuak

Galdetu zain

Onintza Lete Arrieta 2022 mai 30 Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!