Gutuna: "Esker ona, Ukrainarako material bilketan lagundu zutenei"

Karkara 2022ko mai. 27a, 16:40

Ukraina-Orio talde solidarioak eskertza gutuna bidali du KARKARAren erredakziora. Herrian sortu zen elkartasunari erantzunez, esker ona adierazi diete Ukrainarako material bilketan parte hartu eta lagundu zuten guztiei.

Azpialdean irakur daiteke gutuna osorik:

"Martxoan abiatu genuen jarduera solidarioa Gabon tabernan, Ukrainan gerra hasi eta gutxira. Lehen egun haietan, batez ere, arropa jaso genuen tabernaren ondoko lokalean, eta handik Zestoara eraman zuten, hango laguntza-taldeekin antolatuz. 

Berehala ohartu ziren Gabonekoak lokala txikia zela, herritarren olatu solidarioa hartzen hasi zen tamaina handiari erantzuteko. Hala, pentsatu genuen herri mailan antolatu eta bilketa herri osora zabaltzea. 

Emakume talde bat hasi zen lanean, deitu bati, gero besteari, mesedeak eskatu beste bati... Jendearen erantzuna aparta izan zen lehen momentutik, eta lokal handi bat laga ziguten herrigunean, Eusko Gudari kalean, zamalanetarako oso eskura. Hala, era guztietako materiala bildu zen, jende askoren laguntza eta antolaketari esker. 

Ordutegi bat jarri eta sei egunez egon zen lokala irekita. Barruan, interesa zuen orok izan zuen laguntzeko aukera, lanik ez zelako falta izan. 

Ondoren etorri zen beste buruhauste bat: nola lortu kamioia hori guztia Ukrainara eramateko? Eta txoferra? Zorte handia izan genuen, ustekabean bilatu baikenuen Valentzia aldean oriotar peto-petoa den txoferra: Joxe Ramon Lizarralde. Bultzada handia izan zen gure taldearentzat haren laguntza, indar handia eman zigun. 

Dirua izan zen hurrengo arazoa, kamioiaren gastuak ordaintzeko. Ostargi elkarteko partaide dezente zegoen gure taldean, eta haiek ireki zuten kontu korronte bat, bidaiako gastuak ordaintzeko dirua bildu xedez. Udalak ere eman zion babesa ekimen solidarioari, eta prest azaldu zen hasieratik diruz laguntzeko, materiala Ukrainara ondo iritsi zedin. Kontu korrontean herritarren dirua martxa onean sartu zen, lokalean materiala pilatu eta pilatu ari zen bitartean. 

Ostiral batez, martxoak 11, lanak bukatu ezinda ari ginen, eta kamioia ailegatu zen Oriora, materiala jaso eta Ukrainara eramateko. Taldeak beso-zabalik jaso zuen kamioilaria, eta Rosi Lazkanok bertsoa ere kantatu zion eskertza modura. 

Ostiral horretan ere lan handia egin zen: bidaiarako dokumentazio tramiteak, kaxak antolatzen bukatu, azken materiala bildu... Hurrengo egunean, udal brigadakoen laguntzarekin, kaxa guztiak industriagunera eraman genituen, han, Indo enpresaren laguntzari esker, paleetan jarri eta behar bezala plastikoarekin biltzeko, hori baitzen trailerrean sartu ahal izateko azken baldintza. 

Hemendik aurrerakoa, Lizarralde txoferrak bizitako esperientzia da. Ukrainarako bidean bere bidaiaren berri ematen joan zen, eta badakigu momentu gogorrak ere izan zituela. Bere bidaia emozio handiarekin bizi izan genuen guztiok, eta oso eskertuta gaude txofertzan egindako lanari. 

Atzera begiratuta, esker oneko hitzak besterik ez ditugu era batera edo bestera lagundu duten oriotar guztientzat; ezinezkoa da izen-abizen guztiak jartzea... Ukrainako gerrak sortu dituen beharrei aurre egiteko bidean, gure aletxoa jarri izanaren sentsazioa geratzen zaigu. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!