paperekoa

Euskara, ikasgelatik herrira

Aritz Pardina 2022ko mai. 30a, 14:02

Badira hamahiru urte Orion AEKren Mintzalagun programa abian jarri zutela. Helburuak: euskaldun berrientzat euskaraz aritzeko inguruak sortzea eta ikasleen eta herritarren arteko bizikidetza euskalduna bultzatzea. Egitasmoaren koordinatzaileek eta parte hartzaileek azaldu dituzte haren nondik norakoak.

Gaur egun ezagutzen dugun Mintzalagun programa AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak abiatu zuen 2007. urtean. Baziren, ordurako, zenbait aurrekari: esaterako, Bizkaiko Berbalagun programa, baita beste lurraldeetan abian zeuden antzeko programak ere. Gipuzkoan ere bazen tankerako egitasmo bat; 1993an sortutako Donostiako Mintzalaguna, hain zuzen. Amaia Olazabal AEKko Urola Kostako arduradunak azaldu duenez, AEK aspalditik zebilen halako egitasmoak antolatzeko gogoz eta, asmo horri jarraituz, 2007. urtean, proiektua aurkeztu zion Urola Kostako Udal Elkarteari. Aurrekontua onartuta, 2008-2009 ikasturteko urtarrilean hasi zen Mintzalagun programa eskualdean: sei hilabeteko proba pilotua egin zuten eta, arrakasta ikusita, gaur arte jarraitu du etenik gabe.

Mintzalagun programa, finean, mintzapraktika da. Lurralde bakoitzak koordinatzailea du, eta hark du udalerrietan taldeak osatu eta kudeatzeko ardura. Taldeei dagokienez, haietako bakoitzean euskaldun zahar batek parte hartzen du; hark bidelagun papera du. Euskaldun berriei, berriz, bidelari deitzen zaie. Helburua da pertsona horiek astean behin elkartzea, ordubetez euskaraz egin dezaten. Hala, egunerokotasunetik gertuago dagoen bizipena eskaintzen diete euskaldun berriei; hots, eskolatik kanpo ere hizkuntza lantzeko aukera. 

Izan ere, hizkuntza guztietan gertatu ohi denez, jauzi handia dago euskaltegiak eskaintzen duen oinarri teorikoaren  eta kaleko jardunaren artean, eta hori izan ohi da ikasleen erronka handiena: "AEKn bagenuen sentsazioa ikasleek ikasgelan praktikatzen zutela euskara, baina kalean ez zutela naturaltasunez euskaraz egiten. Askori kosta egiten zitzaion kalerako pausoa ematea". Ikasleen inguru euskaldun bakarra euskaltegia zen, eta koordinakundeak muga horiek zabaldu nahi izan zituen. Xedea, hortaz, ez zen euskara praktikatzea bakarrik: "Proiektu hau ikasleen eta herritarren artean zubi lana egiteko sortu zen. Euskaraz bizitzea jarri zen erdigunean, eta gure asmoa zen ikasleei euskaraz bizitzen laguntzea", azaldu du Olazabalek. Hark uste du Urola Kosta "oso eskualde egokia" dela horretarako; hala ere, euskaltegiko ikasleentzat, baditu euskalkiari lotutako ohiko zailtasunak. Haiek arintzea du AEK-k helburu. 

Erabilera erdigunean

Aipatutako jomuga horiei jarraiki, Amaia Zaldua irakaslea da aurten Mintzalagun programaren arduraduna. Lau talde osatu dira aurten Orion: bi bikote eta bi hirukote. Aian, berriz, ez dago talderik. Ikasturte honetan bezala, 2019-2020 ikasturtean ere Zaldua aritu zen Urola Kostako arduradun lanetan. Horrenbestez, pandemiaren aurretiko eta ondorengo faseak bizitzea tokatu zaio. Testuinguru horretan, programaren balorazio ona egin du: "Orioko egoera ona da, beherakada egon baitzen pandemiaren ondorioz, baina orain, izurriaren aurreko kopurua gainditu egin dugu".

Irakaslearen aburuz, gorakada horren atzean ikasleen gogoa dago. Izan ere, taldeek autonomia handia dute, eta sarritan arduradunaren beharrik gabe antolatzen dira: "Kideek nahiko konfiantza badute bakoitzak zer sentitzen duen adierazteko, gauzak nola egin nahi dituzten azaltzeko,  baita horren arabera erabakiak hartzeko ere". Gainera, pandemia garaian bezala, ikasturteko epeetatik kanpo elkartzen diren taldeak ere badaudela esan du Zalduak. Esaterako, zenbait talde asteburuetan edota udan ere elkartzen dira. Horrek erakusten du dinamika ez dela ikasketa kontu soila. Aitzitik, euskaltegiaren osagarria bada ere, esanahi sakonagoa du.

Zentzu horretan, Olazabalen ildo beretik mintzatu da Zaldua:  "Gure ikuspegia ez da euskaldun berrietara mugatzen: gure helburuak zabalagoak dira. Azkenean, guztiok irabazten dugu honekin". Integrazioa da programak bultzatu nahi duena, hots, harreman euskaldunak oinarritik sortzea: "Gure xede nagusia jendea euskaltegitik kanpo ere euskaraz bizitzea da. Harreman-sareak sortzeko aukera izan daiteke Mintzalagun programa, jende berria ezagutzekoa eta, gainera, hasieratik, euskaraz". Horregatik, irakaslearen iritziz, "Mintzalagun programak, euskaltegiaren osagarria baino, herriaren osagarria izan beharko luke".

Alde txar bat azpimarratzearren, Zalduak azaldu du ez duela "nahi bezainbeste" gaztek parte hartzen. Hala, programan parte hartzen duten gazteenek 26-27 urte izan ohi dituzte, aurten adinaren batezbestekoa jaitsi egin den arren. 

Datozen urteei begira, Zalduak praktikotasunaren aldeko aldarria egin du, harentzat hor baitago euskalduntze prozesuen muina: "Erabileran jarri behar da fokua, hori delako emaitza onak ematen dituena". Horregatik, nahiko luke Mintzalagun programak indarra hartzea, gero galtzeko. "Alegia, euskararen erabilera bermatu eta, beraz, halako egitasmoen beharrik ez izatea".

Mintzapraktika baino gehiago

Hector, Daniel eta Idoia gustura daude Mintzalagun programan: bidelariak dira lehenengo biak, eta bidelaguna, berriz, hirugarrena. Mailari dagokionez, koordinatzaileak azaldu du euskaltegiko B1 maila izaten dela Mintzalagunera jauzia emateko langa. Hectorrek, esaterako, hiru urte egin zituen AEK-ko autoikaskuntzan, eta ondoren hasi zen mintzapraktikarekin, 2019. urtean; Danielek, berriz, euskaltegian hiru urte egin eta aurten eman du pausoa.

Bidelariek kontatu dute eurentzat "garrantzitsua" dela programa. Danielek honela arrazoitu du: "Etxean ez dut euskaraz egiterik. Nire aukera bakarra hau da". Hectorren egoera, berriz, desberdina da: "Etxean edo lagun artean zaila egiten zait euskaraz egitea, nahiz eta inguru euskalduna dudan. Askotan, ingurukoak euskaraz aritzen badira ere, neuk gaztelaniaz egiten dut, eguneroko erritmoan zaila zaidalako euskaraz aritzea".

Idoiarentzat ere garrantzia handia du programak. "Niretzat garrantzitsua da euskaraz bizitzea eta euskarak presentzia izatea, eta horregatik, koherentea iruditzen zait ikasten ari diren pertsonei laguntzea. Elkarrizketa bizkorrak nahi izaten ditugu euskaldun zaharrok, ez dugu patxada handirik. Horregatik, euskaraz aritzea kostatzen zaionarekin gaztelaniaz egiten amaitzen dugu. Pazientzia gutxi dugu".

Danielek beste ideia bat ere azpimarratu du: "Gizartean sartzeko modua da. Nire ustez, ez da bestelako mintzapraktikekin alderagarria. Adibidez, ingelesa atzerrian ikasten duenak bestelako motibazioak ditu (lana, ikasketak…). Kontrara, honen helburua da hemengo gizartean barneratzeko urratsak egitea". "Hau lagunartea da", gaineratu du Hectorrek. "Gainera, ez zaude irakaslearen pean; askatzen laguntzen dizu". Idoiaren ustez, azkenik, "bakoitzak bere zaletasunen berri ematen du eta, hala, nik ere ikasten ditut hitz berriak. Bidelagunei ere egiten digu mesede dinamika honek".

Zalduak aipatu duen moduan, guztiek irabazten dute programari esker. Idoiak argi du bere helburua, eta adierazi du euskaldun berriei bidea errazten jarraituko duela. Danielek, berriz, etorkizunean beste aldera pasatu nahiko luke: "Nire helburua da bidelari izatetik bidelagun izatera heltzea". Hectorrek, azkenik, "euskaraz gaztelaniaz bezain erraz" hitz egin nahiko luke. Hiru kideak bidean dira jada, eta zubi lanean jarraituko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!