EH Bilduk kirol portuen inguruan sartutako mozioa onartu du Orioko Udalbatzak

Iñigo Gaiton 2022ko eka. 2a, 12:38
Orioko kirol portua. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Kirol portuko amarralekuak esleitzen direnean herritarrei lehentasuna ematea eskatzen du mozioak. Lehengo osteguneko udalbatzarrean gehiengo absolutuarekin onartu zen mozioa, aldeko zortzi botorekin (EH Bildu, Orain, PSE-EE) eta aurkako bostekin (EAJ).

Orioko EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen lehengo asteko ohiko bilkuran, xede argi batekin: kirol portuko amarralekuak esleitzen direnean herritarrek lehentasuna izatea.

Udalbatzarrean irakurritako testuan azaltzen denez, 2017ko urriaren 19ko 5330 aginduaren bidez, ontzien amarralekuak emateko prozedura eta horien erabilera arautzen duen dekretua onartu zen. Agindu horrek arauz kanpoko egoera erregularizatu, eguneratu eta amarralekuak erabiltzeko baimena emateko prozedurak arautzea helburu izan arren, “erabiltzaileen artean kezka eta egonezina sortu du, baita beste herrietako portuetan ere”. Horren adibide dira, EH Bilduren arabera, “egon diren salaketa judizialak edota tokiko erakundeek herritarrengandik jasotako iritzi eta babes eskaerak”.

Mozioan esaten da jendearen ezinegonaren iturburua “aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipenirizpideak” direla; besteak beste, “zozketa” izango baita amarralekuen banaketa erabakiko duen prozedura, eta “ez ditu kontutan hartuko herriek itsasoarekiko eta portuarekiko duten lotura kultural eta historikoa”.

Koalizioak nabarmendu du azken urteetan kirolportuak sustatu eta kirolnabigazioa biziberritzeko aurrera eraman dituen proiektuek desoreka sortu dutela kostaldeko herri askotan, eta horren ondorioz, herrietako portuetako errealitatea aldatzen joan dela.

Hala, arazoari irtenbidea aurkitzen saiatzeko borondatea erakutsi dute: “Bide horretan egiten ditugun proposamenak, lehenik, udalean adostu nahi ditugu, eta ondoren, portuko agintariei jakitera eman. Eta noski, 5330 dekretuan beharrezko diren egokitzapenak egiten lagundu nahi dugu”.

Proposatzen dute, alde batetik, herritarrek lehentasuna izatea: lehenik, Orion erroldatuta daudenek, eta ondoren, hurrenez hurren, eskualdeko herrietan erroldatutakoek, EAEn erroldatutakoek eta, azkenik, beste autonomia erkidegoetakoek.

Mozioa, eztabaidagai
Testua irakurri ondoren, bozketa egin zuten udal ordezkari
ek, eta mozioa gehiengo absolutuarekin onartu zuten, aldeko zortzi boto eta kontrako bostekin.

Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuaren hitzetan, beste herrietako amarralekuak zozketa bidez esleitu izan direnean "liskarrak" sortu dira. "Orion oraindik ez da tokatu hori egitea, hamabost urtez behin egiten delako zozketa. Aurrea hartuz, guk sinisten dugu Orioko hainbat familietan badela ontziak eta motorrak izateko tradizioa, eta gure proposamena da familia horiek herrian amarralekua izateko aukera bermatzea", azaldu zuen.

Segidan, Lourdes Salsamendi EAJ koalizioko bozeramaileak hartu zuen hitza, mozioaren kontra emandako botoen zergatiak azaltzeko. "Mozioan eskatzen diren lehen bi puntuak betetzen dira dagoeneko; hau da, kirol portuak herritarrenak dira, herritar guztiek erabil ditzakete. Iruditzen zaigu mozioa generikoa dela, ez dituela kontuan hartzen udalerri bakoitzeko beharrak eta errealitateak; ez behintzat Oriokoa", egin zuen hitzartzea.

Salsamendiren iritziz, mozioaren hirugarren puntua "erabat legez kanpokoa" da: "Portuak erkidego autonomoetako ondasun demanialak dira, udalaz gaindiko ondasun eta zerbitzuak. Ondorioz, herritar orok erabil ditzateke, edonorentzat irekiak daude. Mozioan eskatzen dena lehia askearen printzipioaren kontrakoa da, ez da legezkoa".

Amaitzeko, Salsamendik nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritza ari dela kirol portuen inguruko dekretu bat lantzen: "Amarralekuak esleitzeko legedia gainbegiratzen eta egokitzen ari dira, aisialdiko nautikak izandako aldaketetara egokitzeko. EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean sartu duten eskaera pasatu didate, eta han eskatzen da dekretu berrian arlo soziala ere kontuan izateko. Horregatik guztiagatik, iruditzen zaigu gaiari denbora eman behar zaiola, lantzen ari diren legedi berria ezagutu eta ondoren nola jokatu erabakitzeko".

Alkatearen erantzuna
Anuska Esnal alkateak ere hartu zuen hitza. Nabarmendu zuenez, mozioarekin eskatu nahi dutena da kirol portuetako amarralekuen inguruko eztabaida udalerrietan egitea, erkidegoetan edo Eusko Jaurlaritzan beharrean. "Guk dakigu inor baino hobeto herrietan dauden behar eta kezkak zein diren. Herritarrak kezkatzen dira, besteak beste, jakinda Orion bizi den batek, edo Bilbon, eskubide bera dutela ontzia Orion izateko. Eskatzen duguna da, herrietako errealitatea kontuan hartzea".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!