Ikusgai dago 'Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian' hitzaldiaren bideoa

Karkara 2022ko mai. 31a, 11:22

Errioari buruzko hitzaldi sortaren bosgarren eta azken hitzordua egin zen maiatzaren 26an. Arturo Elosegi Ekologian katedradunak eta EHUko irakasleak errioaren bioaniztasuna izan zuen hizpide, eta itsasadarraren aberastasun naturala nabarmendu zuen.

Udalak jarri du ikusgai dagoeneko lehengo asteko Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian hitzaldiaren bideoa. Arturo Elosegik eman zuen hitzaldia, eta nabarmendu zuenez, azken hamarkadetan kutsadura nabarmen murriztu den arren, Oria ibaiaren goiko aldean dauden industriaguneek kalte izugarria egin diote errioari urte luzez. Gaur egun ere, mehatxu ugariri aurre egin behar izaten dio errioak, eta espezie inbaditzaileek buruhauste franko eragiten dizkiete ekologistei. Horrez gain, klima-aldaketak, gainera, eragin handia izango du aurrerantzean, orain arte bizi gabeko egoerak sortuko dituelako.

Kulturaren eta naturaren arteko harremanaz mintzatu zen Elosegi: "Ez daude elkar kontrajarrita, batak besteak behar baitu". Eta, adibide gisa, angulen arrantzari egin zion erreferentzia, espezie preziatu hori desagertuko balitz, arrantza tradizionala ere hondoratuko litzatekeelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!