Mamadou Sarr: "Arraunak badu zerbait harrapatzen duena"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko eka. 1a, 09:27
Mamadou Sarr Orioko arraun elkartean. (Aiora Larrañaga)

Traineru estropadak Kantauri itsasoko kirola direnez, ez dira asko izaten taldeetan aritzen diren atzerritarrak. Orion, esaterako, Mamadou Sarr (Dakar, Senegal, 1991) izango dute tostartean aurten.

Zer dela eta animatu zinen arraun egitera?
2018an iritsi nintzen Euskal Herrira, eta oraindik paperik ez nuenean, jatetxe batean lan egiten nuen. Bertako lagun baten aita Ondarroako Arraun Elkarteko zuzendaritzako kidea zen, eta lagun horren bidez ezagutu nuen arraun mundua. Probatu nahi ote nuen galdetu zidan, eta baietz esan nion. Horrela hasi nintzen Ondarroako taldean.

Hasieratik gustatu zitzaizun?
Bai, arraunak badu zerbait harrapatzen duena. Asko entrenatu behar da eta sakrifizio handia eskatzen du, baina, era berean, katigatu egiten zaitu. Nik uste dut taldekideen artean sortzen den giroak eragin handia duela horretan. Taldeko kideekin harremana oso estua izaten da, eta ontzi berean arraun egiteak asko lotzen du. Egun batzuk entrenatu gabe banago, faltan botatzen ditut taldeko lagunak.

Senegalen ba al zenuen itsas munduarekin harremanik?
Bai, ni serer etniakoa naiz eta gure herriak harreman estua izan du beti itsasoarekin. Dakarren bizi nintzen arren, nire gurasoak irla batekoak dira, eta oporretan joaten nintzen bertara. Nire aitona arrantzalea zen Senegalen, eta nire aitak ere ia bizitza osoan zehar lan egin du itsasoan, Senegalen bertan eta baita Kanariar Uharteetan (Espainia) ere.

Nolatan sortu zitzaizun Orion arraunean egiteko aukera?
Ondarroako klubeko harrobiko arraunlaria naiz, baina esperientzia txikia dudanez, pasa den denboraldian Busturialdeko traineruan aritu nintzen arraunean; KAE 2 Liga irabazi genuen. Aurten ere nire asmoa zen bertan jarraitzea, baina lan kontuengatik irailean Donostiara joan nintzen bizitzera, eta oso zaila zen niretzat Ondarroara edo Elantxobera entrenatzera joatea. Klubarekin hitz egin nuen, eta arraunerako taldea bilatuko zidatela esan zidaten. Egun batean, Josu Esnaola Orioko elkarteko presidenteak deitu zidan eta Orion arraunean egitea proposatu zidan. Entrenatzaileekin hitz egin nuen, eta komentatu zidaten Orion arraunean egiteko ateak irekita nituela. Oso ondo hartu naute. Oso jende atsegina da, eta hasieratik etxean sentitu izan naiz beraien artean.

Orion senegaldarren komunitatea handia da, baina oraindik ez da inor animatu arraunera.
Guk ohituraz futbolerako zaletasun handiagoa izaten dugu, Senegalen haurrak garenetik futbolean aritzen garelako, baina probatzea da kontua. Gustatuko litzaidake Orioko senegaldar gazteak ere arraunera animatzea, potentzial handia dago eta. 

Bitxikeria gisa borroka senegaldarrak eta arraunak badute zerbait komunean.
Senegalgo kirol tradizionala borroka senegaldarra da, eta badu antzekotasun bat arraunarekin. Bi kiroletan banderak ematen dira garaikur gisa. Horrek atentzioa eman zidan arraun munduan murgildu nintzenean, gainontzeko kiroletan ez baita hori gertatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!