'Gure Hots' dokumentala eskainiko dute ostegunean kultur etxean

Karkara 2022ko eka. 7a, 15:50
Leire Zinkunegi narratzailea eta Arrate Fernandez zuzendaria, dokumentalaren promozio irudiarekin. (Aiurri)

Euskal Herriko emakume askoren testigantzak bildu ditu Arrate Fernandez Itxasok ikus-entzunezkoan, adin eta eremu desberdinetakoak. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute zuzendariarekin eta Leire Zinkunegi dokumentaleko narratzaile oriotarrarekin.

Arrate Fernandez Itxasok zuzendutako Gure Hots dokumentalaren emanaldia egingo dute ostegunean, Orioko Kultur Etxean. Ahalduntze Eskolaren udaberriko programaren baitan antolatu dute proiekzioa eta, ostean, solasaldia egingo dute Fernandez Itxasorekin eta Leire Zinkunegirekin. Izan ere, ipuin-kontalari oriotarra da dokumentaleko narratzailea.

Euskal Herriko emakume askoren testigantzak bildu ditu ikus-entzunezkoak, adin eta eremu desberdinetakoak. Era horretara, Euskal Herriko orografiari jarraituz, XX. eta XXI. mendeetako emakumezko profesionalen erradiografia egin dute. Elkarrizketatuen artean dira, besteak beste, Itxaro Borda, Alaia Martin, Caroline Phillips, Maddi Zubeldia eta Irantzu Varela, hamalau guztira.

100 minutuko iraupena du ikus-entzunezkoak eta kultur etxean eskainiko dute 18:30ean hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!