Indarrean den TAO sistema berriaren xehetasunak azaldu ditu Orioko Udalak

Iñigo Gaiton 2022ko eka. 2a, 09:47

Udal Txartela dutenentzat ez du aldaketa handiegirik eragingo ordenantza berriak. Aurrerantzean, TAO sistema urte osoan egongo da indarrean Orion, salbuespen batzuekin bada ere.

Hilabete luzetako lanketaren ondoren, atzo sartu zen indarrean Orion TAO sistema berria. Azken urteetako funtzionamenduan aldaketak eragingo ditu ordenantza berriak, eta atzo goizean, berritasun horien berri eman zuten Anuska Esnal alkateak eta Ainara Munduatek udaletxean egindako agerraldian. 

Udalbatzak urtarrilean onartu zuen ordenantza berria aho batez, eta horri jarraiki, udalak dagoeneko egin ditu hobekuntza batzuk herrian: besteak beste, zamalanak egiteko eremuak, motoentzako aparkalekuak eta ibilgailu handientzako eremuak zehaztu dira. 

Tiketa, erlojuaren partez

Udal Txartela dutenek (orain arte bezala, doan banatuko zaie oriotarrei), ibilgailuak edozein lekutan aparkatzeko aukera izango dute: egonaldi luzeko eremuetan doan eta denbora mugarik gabe (Munto ondoko parkina, hondartza ingurua...).  Orain arte erloju-sistemarekin funtzionatu duten kaleetan (Eusko Gudari, Arrantzale, Abeslari eta Ibai-Ondo), tiketa atera beharko dute horretarako  jarri berri dituzten TAO makinetan.

Herritarrek tiketa beti atera beharko dute; aurreneko 30 minutuetan doakoa izango da, eta hurrengo orduak 0,50 euroko prezioa izango du. 

Egun berean, ezingo da autoa ordu eta erdi baino denbora luzaroagoan aparkatu toki horietan. Kaleetako batean 15 minutuz aparkatu ondoren ondokora mugitzen denak, bakoitzean pasatutako minutuak batu beharko ditu, denera egun berean gehienez 90 minutu izan arte.

Udal Txartelik ez dutenentzat kale horietan gehienez ordu eta erdiz aparkatzeko txartelak euro bat balioko du. 

Bertakoentzat tokiak

Herrian badira bertakoek aparkatzeko gordetako eremuak. Udal arduradunek azaldu zutenez, eremu horiek ez dira auzokoentzat, oriotar guztientzat baizik (beste udalerri batzuetan auzoko bizilagunek bakarrik izaten dutelako horietan aparkatzeko eskubidea).

TAO sistema berriak bisitariengan izango du eragin handiena. Orain arte, uda denboraldian bakarrik izaten zen TAO indarrean Orion, baina hemendik aurrera, urte osoan egongo da  eremu guztietan, salbuespen batekin: hondartzatik autopista azpirainoko aparkalekuetan, ez da TAOrik izango azarotik Aste Santura bitartean. 

Berrikuntza bat

Udal ordezkariek «lasaitasuna» eskatu zuten ordenantza berriak herritarrengan sortutako zalantzen aurrean: «Jasangarritasunari eta mugikortasunari lotutako beste herri eredu bat sor dezakegu; jendearen ohiturak aldatzea bilatzen duen berrikuntza bat da».

Sistema berriaren jarraipena egingo dutela ere azaldu zuten agerraldian, sortzen diren premia berriak aztertu eta behar diren moldaketak egiteko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!