50 urteko ikasketa prozesua

Iñigo Gaiton 2022ko eka. 3a, 12:11

50 urte bete ditu aurten Orioko Herri Ikastolak. Urteurrenaren aitzakian, ikastolan egindako ibilbide luzeaz gogoeta egin dute Mari Karmen Arrillaga eta Marisa Aranburu irakasle ohiek.

Aurtengoa ikasturte berezia ari da izaten Orioko Herri Ikastolan. 50. urteurreneko ospakizunen bueltan murgilduta dago ikastetxeko komunitatea, eta batzuk zein besteak zer gozatua izaten ari dira.

Mende erdiko bidea bete du aurten ikastolak, eta urte horietan guztietan, ikasle eta irakasle ugari pasatu da hezkuntza zentroko ikasgeletatik. Denbora tarte horretan, Marisa Aranburu (Orio, 1958) eta Mari Karmen Arrillaga (Orio, 1958) irakasle ohiak daude ikastolan urte gehien pasatu dituztenen artean; aurrenekoak 34 urte egin zituen hezitzaile lanetan, eta bigarrenak 45. "Bizitza oso bat", bien hitzetan.

Eguneroko bizitzaren inertziak tarteko, era desberdinean bizi dituzte urteurreneko ospakizunak. "Nire kasuan, Donostian bizi naizelako batik bat, distantziatik ari naiz jarraitzen, sentsazio gazi-gozoarekin. Etxekoen zaintzan ere denbora asko pasatzen dut, eta egia esan, koronabirusaren gaiak oraindik ere festarako gogoa kentzen dit. Osasun neurri batzuei eusten saiatzen naiz, neure burua baino gehiago, etxeko adinekoak babesteko. Egia esan, ez dut festarako aldarte handiegirik izan pandemia hasi zenetik", azaldu du Aranburuk.

Bestelakoa da Arrilagaren kasua: "Lana utzita egon arren, ospakizunak barrutik bizi ditut, Orion bizi naizelako eta oraindik badudalako harremana ikastolako langileekin eta ikasleekin. Badakit jendea zertan dabilen, ikasle ohien bazkarien berri izan dut, egin dituzten parrandena... Ikusi dudana da giroa sortu dela urteurrenaren bueltan, eta pozgarria da".

Aranbururen inpresioa da urteurrenaren harira sortu den giroak erakusten duela ikastola "bizirik" dagoela, eta "duela 50 urte abiatutako erronkak jarraipena" izan duela.

Bidean ikasten
Atzera begira jarrita, Arrillagak azpimarra egin dio ikastolaren sorrera bultzatu zuen herri-indarrari. "Hain gutxi izanik, jendea edozer egitera ausartzen zen proiektua aurrera atera zedin. Iruditzen zait hamarkadaz hamarkada ikastola ondo egokitu dela gizartearen beharretara, hasieratik gaurdaino egoki eboluzionatuz".

50 urteotan jendarteak izandako aldaketei erreferentzia eginez, aipatu dute gurasoen rola nola joan den aldatzen. "Lehen, orokorrean, gurasoen inplikazioa handiagoa zen umeen heziketa prozesuan. Gaur egun, irakasleei gehiago exijitzen zaie, gurasoek ikastetxearengan delegatzen dute heziketa prozesuaren parte handiagoa. Egia da orain familia gehienetan bi gurasoek egiten dutela lan etxetik kanpo, eta horrek badu eragina", egin du gogoeta Aranburuk.

Arrillagaren ustez ere orain errazago jotzen da hezitzaileei kritika egitera. «Guraso eta ikasleen arteko tratuan konfiantza handiagoa izaten zen lehen».  
Urteekin ikastola handitzen joan izanak guraso eta hezitzaileen arteko harremanean eragin ote duen galdetuta, ezetz erantzun dute. Hori fenomeno «orokorragoa» dela esan dute, gizartearen, garaien eta ohituren aldaketei lotua erabat. 

Erronkak gogoan
Lanean hainbeste urte eginda, bi irakasleek erronka askori aurre egin behar izan diete eguneroko lanean. Teknologia berrietan trebatzeak eragin dizkio burukomin handienak Aranbururi. "Kolpetik, azkarregi sartu ziren gure artean, eta begira nola gauden gaur egun. Presa sartu digute, eguneroko bizitzaren erritmoa asko azkartuz. Gure adinagatik, tokatu zaigu une oro ikasten joatea, trebatzen, askotan atzetik joatearen inpresioarekin. Dena den, ikaragarri ikasteko aukera izan dut formakuntza eta halakoetan, eta egia esan, ofizioak derrigortu nau eguneratuta mantentzera", azaldu du.

Haur Hezkuntzako irakaslea izan da Arrillaga, eta bere kasuan, ikasle kopuru handiekin lan egitea tokatu zitzaion lehen urteetan. Ikasgelan ume piloa izateak sortu zizkion larritasun handienak. "Nire gain 35 haur izatera ailegatu nintzen ikasturte batean, ume txikiak denak. Itota gogoratzen dut nire burua, arnasa hartzeko ere denborarik gabe. Kristoren pasarak hartzen nituen. Eskerrak gero kopuruak eta ratioak murriztu zituzten".

Horiek hala, biak eskertuta daude ofizioak eman dien guztiarekin. "Poz iturri ederra izan dira ikasleak. Amorrarazi ere egin izan naute maiz... kar kar kar. Harreman aldetik, ofizio oso aberatsa izan da gurea. Oraindik ere agurtzen naute ikasle ohiek, lehengo lankideek, gurasoek... Asko gozatu dut urte hauetan guztietan", adierazi du Arrillagak. 

Bide beretik mintzatu da lankide ohia: "Gizartearen martxa berean joatera derrigortu gaitu hezitzaile izateak. Egunero-egunero ikasten duzu zerbait ikasgelan. Orain, nire burua irudikatzen dut gaztetan Irakasle eskolako ikasle nintzela, eta argi ikusten dut zenbat ikasi dudan lanean. Ikasle talde berri bakoitzak behartzen zaitu gauza 
berriak egitera, mugitzera, aurrera egitera", mintzatu da. Bat datoz biak: "Irakasle izateak espiritu gaztearekin mantendu gaitu, adinean aurrera egin arren".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!