Normaltasunaren udari begira

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 10a, 11:30
Atzo goizean aurkeztu zuten Zarauzko malekoian hondartzetako denboraldi berria. (Aritz Mutiozabal)

Aldundiak 1,5 milioi bideratuko ditu aurten Gipuzkoako hondartzetara, besteak beste, garbiketarako, bideometriarako eta Nik Hondartzak aplikazioa eguneratzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak Zarauzko hondartza aukeratu du uda denboraldiaren hasierako ekitaldia egiteko. Ohi bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era izango da, baina eguraldi eguzkitsua aliatu bihurtu da dagoeneko, eta jendea hondartzaz gozatzen ari da egunotan. Aurtengo  "normaltasun" denboraldiari begira dituzten aurreikuspenak azaltzeko baliatu zuten atzoko ekitaldia, eta, besteak beste, bertan izan ziren Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea.

"Normaltasunera bueltatzen ari gara", adierazi du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: "Jasangarria izan behar duen normaltasun berrira, baina bereziki guztiok gozatzeko moduko uda izan behar du. Ez da erraza buelta ematea bizi izan dugu egoerari, baina aldunditik landu den programa eta planifikazio berriari esker posible izango da", nabarmendu du. Horretarako, 1,5 milioi euro bideratu ditu aldundiko Ingurumen departamentuak, zehazki, Gipuzkoako hondartzen garbiketarako, bideometria sarerako, Nik Hondartzak aplikazioa eguneratzeko, sentsibilizazio kanpainetarako eta salbamendu zerbitzuan laguntzeko.

Hondartzen Mahaian adostutakoarekin jarraituz, mantendu egingo dute pandemia garaian Gipuzkoako hondartzetan segurtasuna eta edukiera kontrolatzeko martxan jarritako Nik Hondartzak aplikazioa, eta funtzionaltasun berriak egin dizkiote. Tokian tokiko okupazio indizea neurtzeaz gain, uda honetan itsasoaren egoeraren informazio zehatza –olatuen ezaugarria, mareak eta puntu arriskutsuak– eta hondartzen zuzeneko irudiak jasotzeko aukera emango du aplikazioak.


Kanpaina, herriz herri

Atzo bertan hasi zuen Zarautzen aldundiak lehen aldiz Elkartasun Olatuak kanpaina ibiltaria, Emausekin eta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan. Furgoneta bat Gipuzkoako hondartzetatik ibiliko da udan zehar, eta udalerri bakoitzean astebeteko egonaldia egingo du. Zarautzen igandera arte egongo da; Getarian, ekainaren 20tik uztailaren 3ra; eta Zumaian, uztailaren 11tik 17ra.

Sentsibilizazio kanpainak bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, herritarrek zakarrontziak ondo erabil dezaten eta hondakinak gaika bereizi nahiz bildu ditzaten sustatzeko tailerrak eta jokoak egingo dituzte, haurrentzat zein helduentzat, Emaus Fundazioak gidatuta. "Elkartasunari, ingurumenari eta pertsonei zuzendutako kanpaina da gurea. Jasangarri izateak hiru ardatz horiek baititu ezinbestean», zehaztu zuen fundazioko komunikazio arduradun Begoña Cabaleirok. "Ardura bat dugu hondartzekiko, eta gure erantzukizuna da haien erabilera zuzena egitea", gaineratu zuen.

Bestetik, elikagaiak bilduko dituzte Elikagaien Bankurako, egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz geroz eta pertsona gehiago dagoelako beharrean. Elikagaiak behar dituzten pertsona kopurua areagotu egin dela jakitera eman zuen Carlos Martinez Elikagaien Bankuko presidenteordeak. Bere esanetan, arrazoia bikoitza izan da: Ukrainako gerratik ihesean etorri diren pertsonak ugaritu dira eta oinarrizko produktuen igoerak ere eragina izan du. Era berean, bereziki ondorengo elikagaiak bilduko dituztela azpimarratu zuen: olioa, arrain kontserbak, arroza, pasta eta leka lehorrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!