Ekainean irteera eta irailean bidaia egingo ditu Zaharren Babeslekuak

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 11a, 13:00
Cadiz, Espainia.

Batetik, ekainaren 22an Santoña (Kantabria, Espainia) bisitatuko dute, eta asteartean, hilak 14, eman beharko dute izena txango horretan parte hartzeko. Bestetik, irailaren 12tik 20ra Andaluziara bidaia egingo dute, Cadiz aldera. Izena emateko epea zabalik dago.

"Pandemia atzean utzita, Zaharren Babeslekuan berreskuratu dugu betiko martxa, eta ekin diogu irteerak antolatzeari", azaldu du herriko jubilatu eta erretiratuen elkarteak. Hala hurrengo bi bidaien berri eman dute arduradunek.

Batetik, ekainaren 22an Santoñara (Kantabria, Espainia) txangoa egingo dutela gogorarazi dute. Egun osoko bidaia izango da, eta bertan parte hartu nahi duten bazkideek txartelak salgai izango dituzte asteartean, hilaren 14an, 16:30etik 18:00etara, Zaharren Babeslekuan bertan.

Bestetik, irailerako bidaia berezia antolatu dute Cadizko (Andaluzia, Espainia) Herri Zurietara. Irailaren 12tik 20ra bitartean egingo dute bidaia, eta hainbat herri ezagutuko dituzte: Cadiz, Jerez, Grazalema, Ubrique, Arcos de la Frontera, Vejer, Conil, Puerto de Santa Maria, Sanlucar de Barrameda eta Chipiona.

"Paraje zoragarriak" ezagutzeaz gain, beste hainbat jarduera egingo dituztela azaldu dute: itsas ibilaldia Cadizko badian barrena, Tio Pepe upategira bisita eta Zaldi Artearen Andaluziako Errege Eskolan erakustaldia. Bertako gastronomia ere dastatuko dute hainbat jatetxetan.

Bidaia 885 euro kostako da, eta Zaharren Babeslekuko bazkideek 80 euroko dirulaguntza izango dute. Bidaian parte hartu nahi dutenek 626-47 14 23 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!