Pentsiodunen mugimenduaren bizikleta-martxa Oriotik igaro da

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 13a, 13:23

Erritmo eta umore onean heldu dira pentsiodunak, "pentsio duinen" aldarriei helduta. Herria zeharkatu eta Zarautzerako bidea hartu dute.

12:00ak jota iritsi da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bizikleta-martxa Oriora. Matxurak matxura, errepide nagusitik azaldu dira eta herrigunea gurutzatu dute. Jaka horiak eta "1.080 euroko gutxieneko pentsioen" aldarriak soinean dituztela, gizon-emakumez osatutako pelotoiak oriotarren begiradapean Zarautzerantz egin du bere bidea.

Ekainaren hasieran iragarri zuten itzulia, hilaren 13tik 25era bitartean iraungo duena. Oraingoan ere, "pentsio publiko duin, justu eta nahikoak" galdegiten ari dira. Izatez, lau urtetik gora daramatzate pentsio sistema publikoaren aurkako murrizketak salatzeko mobilizazioak antolatzen. Azken erreformaren lehen atalean eskakizun batzuk betetzea lortu duten arren, 1.080 euroko gutxieneko pentsioari dagokiona zintzilik dago oraindik. Hala, Eusko Jaurlaritzari nahiz Nafarroako Gobernuari eskatu diete 2023ko aurrekontuetan 1.080 eurora iristeko "osagarriak" gehitzea. Pentsioen erreformaren azken ukituak Madrilen eta Bruselaren artean adosten ari dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!