Mutiozabal ontziolan izan dira Orioko ikasleak

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 16a, 15:42

Itsas-ondarea ezagutu, lan-tresnak erabili eta eskulanak egiteko aukera izan dute Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako gaztetxoek. Eneko Sieso Albaolako proiektuen koordinatzailearen arabera, “haurrei ontzigintzaren fase desberdinak ikustaraztean” datza ontziola berrituaren eta heziguneen arteko elkarlana.

Mutiozabal Ontziolara eskola-irteera egin dute Orioko ikastetxeetako ikasleek ostegun goiz eguzkitsuz. Zurgintza probak eta eskulanak egiten topatu du KARKARA-k Orioko Herri Ikastolako taldea; lixak, zerrak, egurrak eta margoak hartuta.

Egurrak lixatzen, mozten eta “beren eran jartzen” aritu direla azaldu dute ikasleek pozarren. Miniaturazko txalupak, itsasontzien piezak eta estrapuak egiten trebatu dira. “Itsasontzia osatzeko torlojuak ere sartu ditugu”, gehitu du haietako batek. Hala, itsasontziak nola egiten diren eta horretarako zein tresna erabiltzen diren ikasi dute ikasle oriotarrek.

Amaia Osa Orioko Herri Ikastolako irakaslearen hitzetan, “interesgarria da, haurrei Orioko historia azaltzen dielako, bertan sartzen dira gauzak nolakoak ziren ikusteko”. Zentzu horretan, ikastolan berriki abiatutako ekimen bat ekarri du gogora Osak: “Balearen inguruko proiektua izan da, urteurrena probestuz”. Ikasleak herrian barrena izan direla azaldu du, “adineko jendeari hiztegiaren eta arrantzaren inguruan galdezka”.

Mutiozabalgo proiektua

Eneko Sieso Albaola Itsas Kultur Faktoriaren proiektuen koordinatzaileak ontziola berrituak dakarrena azaldu du. Espazioa prestatzeko aurrez egokitzapen lanak egin ziren arren, 2019an hasi zen Albaolaren eta Orioko Udalaren arteko elkarlana. Proiektua COVID-19aren sasoian geldirik egon den arren, egitasmoa berrartu dute.

Eneko Sieso Albaolako proiektuen koordinatzailea. Argazkia: Mikel Eizagirre

“Itsas-kultura eta ondare immateriala Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo zabaltzea” dute helburu, Siesoren hitzetan. Mutiozabalen, zehazki, "belaunaldien arteko transmisioaz" arduratzen dira. Koordinatzailearen aburuz, “Orion horrenbesteko garrantzia izan duen zurgintza eta ontzigintza lana” helarazi nahi diete gaztetxoenei.

Orioko bi ikastetxeak izan dira lehenak irteerak antolatzen. Hala ere, haiekin lanean jarraitzeaz gain, ideia Mutiozabalgo erakusketa Urola Kosta zein Euskal Herri osora zabaltzea da. Orioko ikasleek errioan historikoki erabili diren ala ontziak ikusi dituzte gaurkoan, eraikuntza-fase desberdinetan banatuta. “Horrela, haurrek ontzigintzaren faseak goiz batean ikus ditzakete”, dio Siesok. Alaren diseinua “ahalik eta gehien” sinplifikatu dutela esan du koordinatzaileak, “haurrek tresna zail edo arriskutsuak erabili ez ditzaten”. Hala ere, ikasleek “erreminta ugari ezagutzeko eta zurgintzarekin lehenengo kontaktua izateko aukera” dutela ziurtatu du Siesok.

Albaolako Koordinatzaileak “oso harrena ona” sumatu du Orioko ikasle zein irakasleen artean. Gainera “proiektua martxan jartzeko prestutasun handia” azpimarratu du Orioko erakunde zein bestelako arloen partetik. “Jendea interesa azaltzen ari da, herriak ikusten du hemen zerbait gertatzen ari dela, bizilagunak eta bertan lanean aritutakoak ere hurbildu zaizkigu zertan gabiltzan galdetzera”.

Hezkuntzaz harago

Mutiozabal ez da ikastetxeentzat soilik bideratuko ordea. Siesok “proiektuaren bestelako adarrak” iragarri ditu datozen bost urteei begira. “Oriotarrei orokorrean, campingeko turistei zein Done Jakue bidea egiten dutenei” ere zabaltzeko asmoa dutela dio koordinatzaileak, besteak beste. “Ontzigintza eta Orioko errioa protagonistatzat dituen proiektu iraunkor bat sortzea baitugu helburu”, ondorioztatu du Siesok.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!