Salsamendi: "Gure indarra oriotarron arrauna sentitzeko modua da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 18a, 09:00

Ni Estropuarekin. Ni Oriorekin kanpaina martxan jarri du Orio Arraunketa Elkarteak, eta 200 estropu jarriko dituzte salgai. Ekimenarekin arraun elkartearentzat babes ekonomikoa lortzeaz gain, estropuak egiteko artea berreskuratu nahi dute, "estropurik gabe ez dagoelako arraunik".

Orio Arraunketa Elkarteak denboraldi berriari hasiera eman zion atzo Herriko Plazan. Banan-banan klubeko kategoria guztietan parte hartzen duten arraunlariak eta entrenatzaileak aurkeztu zituzten, 200 lagun inguru, eta argazki erraldoia atera zuten elkarrekin. Ondoren, Ni Oriorekin kanpainan parte hartu duten lagunak aurkeztu zituzten: Jon Salsamendi entrenatzailea eta Oihan Manterola patroia, Nadeth Agirre eta Jon Barranco gaurko eta biharko patroiak, Migel eta Jare Milares aita-alaba arraunlariak, Itsaso Azkonobieta eta Amane Basurto irakasle-ikasleak, Ibon Arruti Aldape herriko arraunlaria, Luis Mari Larraza Axuero "elkarteko ezinbesteko laguntzailea", Ainara Manterola kirolaria, Maider Sukia herriko ostalaria eta "laguntzaile fina" eta Benito Lertxundi kantaria. Lagun horien argazkiak herriko hormetan eta establezimenduetan ikusiko dituzte herritarrek Ni Oriorekin kanpainaren barruan.

Aurtengo kanpainan parte hartu duten herritarrak aurkeztu ondoren, Jon Salsamendi entrenatzaileak hartu zuen hitza eta herritarren berotasuna eta bultzada "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela aitortu zuen. "Nesken eta mutilen taldeak arraunlari gutxirekin gabiltza, hori da errealitatea, baina gure indarra arrauna sentitzeko modua da. Hemen dauden arraunlari guztiek sentitzen dutena sentituko ez balute, ez lukete jasango egiten dutena. Horregatik, eskatu nahi dizuegu gurekin egon zaiteztela hasi eta bukatu arte; gutxi edo asko izan axola gabe. Seguru nago emango dizkizuegula arrazoiak Orioko  arraunaz harro sentitzeko, baina zuen indarra behar dugu". Horretarako bi erronka bota zizkien Salsamendik zaleei. "Herria bandera horiz bete behar dugu, udara guztian zehar elkar konektatuta egoteko; zuen babesarekin indartsuagoak gara eta hori ez da poesia, segundoak dira;  segundoekin estropadak irabazten dira, eta estropadak bandera dira". Salsamendik azaldu zuen KAE1 mailan jokatzen duen txalupak igandean lehen estropada jokatuko duela, baina 13 arraunlari bakarrik dituztela, eta horietatik bi jubenilak. "A taldean, berriz, gaur 13 arraunlari gaude entrenatzeko: bi lanean, bat lesionatuta eta hamahiru uretan. Dena dela, gu baino indar eta harrotasun handiagoa ez du inork izango, azken 120 urtetan arrauna sentitzeko modua izan delako oriotarren identitatearen parte oso garrantzitsua. Indar eta harrotasun hori sentiarazten laguntzen badiguzue azkarragoak izango gara. Josi dezagun bandera horiz herria", eskatu zuen entrenatzaileak.

Bigarren erronka, estropuaren bueltan sortu duten kanpaina da, Ni Estropuarekin. Ni Oriorekin izenekoa. "Estropua behar-beharrezkoa da arraunean egiteko. Txalupak ia 200.000 euro balio ditu eta arraun joku batek 10.000 euro inguru, baina horiek soka arruntez eginiko estropuekin juntatzen ez badira txalupa ez da ibiltzen. Galtzen ari da estropuak egiteko ohitura eta San Pedrotan, hilaren 30ean, arraunlari mordoxka egongo gara plazan nahi duenari estropuak egiten irakasteko". Horrez gain, uztailaren 2ra bitartean 200 estropu egingo dituzte plazan bildu ziren elkarteko 200 kideak irudikatuz, eta salgai jarriko dituzte. Estropu bakoitzak 50 euro balioko ditu eta estropu bat erosten duen pertsona, kuadrilla, familia edo enpresa bakoitzak Orio Arraunketa Elkartea eta bertako arraunlariak babestuko dituela nabarmendu zuten aurkezpenean. Estropu bakoitzak zenbaki bat izango du, eta hainbat sari zozkatuko dituzte horien artean: Galizian estropadak ikusteko lau lagunentzat hotela, 20 Mahala saski eta 4 entrenamendu fuerabordatik ikusteko aukera. Zozketa uztailaren 2an egingo da, Ikastola aurreko plazan, bazkideen kamiseta banaketan. Estropuak salgai daude Sukia tabernan, Oinarri podologian, Halcon Viajesen eta Orio Arraunketa Elkartean.

Iazko Ni Oriorekin kanpaina
Orio Arraunketa Elkarteak eskerrak eman zizkien iaz Ni Oriorekin kanpainan parte hartu zuten herritarrei: Imanol Alguacil, Imanol Agirretxe, Andoni Campos eta Marina Gaztañazpi, Itziar Oliden, Oihana Blanco, Jose Antonio Gutierrez Kakio, Sandra Pineiro eta Jon Azkueri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!