Orioko plaza, 'Plaça de nou'

Aitziber Arzallus 2022ko eka. 19a, 17:24

2018ko uztailaren 14an, Vilafrancako casteller taldeak bederatzi solairuko giza dorrea egin zuen Orioko plazan, Euskal Herrian egindako altuena. Lorpen hori gogora ekarriz, Oriokoa Plaça de nou izendatzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian, eta horren ostean, erakustaldia egin dute Kataluniatik etorritako 220 bat castellers-ek. Jendetza batu da plazan.

Kataluniako Vilafranca de Penedesko castellers-ek bihotzean daramate Orio. 2018ko uztailaren 14an bederatzi solairuko giza dorrea egin zuten Herriko Plazan, eta lorpen hura gogora ekarriz, gaur Plaça de nou izendatu dute Oriokoa. Herrialde Katalanetan ohitura dute bederatziko dorreak egiten dituzten plazak horrela izendatzeko, baina handik kanpo oso gutxi dira; hain zuzen ere, Oriokoa da Euskal Herriko lehenena eta munduko seigarrena.

Udaletxeko kanpoaldeko horman plaka bat jarrita gorpuztu dute izendapena gaur eguerdian. Ekitaldian Vilafrancatik etorritako 220 bat castellers-en bi ordezkarik eta Anuska Esnal Orioko alkateak eta Jabier Zabaleta euskara teknikariak hartu dute parte, plaza bete jende begira zutela. Esnal izan da hitza hartzen aurrena. Nabarmendu du herri bakoitzak bere era duela komunitatea egiteko eta kultur ondarea zaintzeko, eta Vilafrancakoentzat castells-ak liratekeena oriotarrentzat errioa dela. "Hori da batzen gaituen, kultur ondarea bizirik berritu nahia; hori da batzen gaituena, komunitatea modu osasuntsuan berritzea". Eskerrak eman dizkie, eta gaineratu du "gaur hemen sentitzen duguna gure bihotzetan geldituko dela, plaka horman bezala". Jarraian, Zabaletak hartu du hitza, eta Esnalek euskaraz esandakoa katalanez esan du hark.

Haren atzetik, Vilafrancakoen txanda izan da, eta haiek ere bi hizkuntzatan jardun dira; Carles Matak katalanez aurrena, eta Ivo Jordak euskaraz gero. Jordak esan du beraientzat plazer handi bat dela Orion egotea. "Euskal Herrira etortzea beti da plazera, baina bereziki Orioko plaza oso berezia da guretzat. Bederatzikoa oso leku gutxitan egin dugu: Shanghain (Txina), Bombayn (India)... eta Orion".

Hitzartzeak bukatutakoan, katalanek hainbat opari egin dizkiete Orioko udal ordezkariei: castell baten irudia, Orion 2018an egindako bederatzikoaren argazkia koadroan sartuta eta baita lepoko zapi gorri bat ere. Horren ostean, Esnalek eta Matak udaletxeko horman jarritako plaka bistaratu dute. 

Ekitaldiari bukaera emateko, erakustaldia egin dute castellers-ek, plazan bildutakoen aurrean, eta oriotarrek ere izan dute oinarria egiten laguntzeko aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!