Orioko Euskaraldiko Batzordeak #hitzezekiteko ekitaldia antolatu du ostiralerako

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 20a, 15:30
Argazkia: Euskaraldia Orio

19:00etan ospatuko da ekimena, Orioko plazan. Leire Arrojeria izango da aurkezle, eta Intza Unanuek musika emanaldia eskainiko du. Euskaraldiaren Gazte Batzordea sortzeko deia ere zabaldu dute.

Euskaraldia gertu den honetan, egitasmoa herrian zabaltzeko egitarau bat prestatu dute. #hitzezekiteko ekitaldia egingo dute datorren ostiralean, ekainak 24, 19:00etan herriko plazan. Leire Arrojeriak aurkezpen bat egingo du, eta musika emanaldia izango da segidan, Intza Unanueren eskutik. Horrez gain, oriotarren aurreko edizioetako lorpenak gogora ekarriko dituzte.

Euskaraldiak “hizkuntza-ohiturak aldatzea” du helburu, “lorpen txiki askoren gehiketarekin”. Zentzu horretan, herritarrek Euskaraldiari esker lortu dituzten aldaketa txiki horiek ezagutzeko nahia azaldu dute: “Lorpen horiek baitira Euskaraldiaren mamia, bizilagunarekin elkarrizketa elebidunak izatea, Donostiara joaten zarenean lehen hitza beti euskaraz egitea, belarriprest izatetik ahobizi izatera pasatzea, laneko bilerak euskaraz egitea”.

Euskaraldia gazte batzordea martxan

Herriko gazteekin lan egiteko asmoa ere adierazi dute, “Euskaraldian barrenetik parte hartu dezaten”. Horretarako, gazte batzorde bat sortu nahi dute, eta mural bat egingo dute taldea martxan jartzeko. Muralaren antolaketa eta bestelako ideiak elkarbanatzeko, bilera irekia egingo dute ekainaren 23an, 17:00etan Uko parkean. 16 urtetik gorako gazteei zuzendua dagoela zehaztu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!