Izena eman daiteke udan euskaraz praktikatzeko Mintzataldeetan

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 21a, 09:00
Mintzalagunen ikasturte amaierako ekitaldia. (@urolakosta_AEK)

Ostiralean bukatuko da izena emateko epea. Herriz herri talde txikiak sortuko dituzte, eta inskripzioa dohainik da.

Joan den ekainaren 9an eman zioten amaiera Mintzalagun programaren 13. ikasturteari, Zarauzko Modelo aretoan eginiko ekitaldian; Ameli eta Xirrikituen Jostunak taldearen Isiltzen joan zirenak: Lourdes Iriondo kontzertu dramatizatuaz gozatu zuten parte hartzaileek. Aurtengoan, 28 talde eratu dira Orion, Zarautzen eta Zumaian, eta, guztira, 104 pertsona inguruk hartu du parte programan.

Ikasturtea amaitu bada ere, udan ere euskaraz praktikatzeko Mintzataldeak osatuko dituzte. Herriz herri, talde txikiak sortuko asmoa dute eskualdean, doako parte hartzearekin, eta izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Ohiko formatuari eutsiko diote uda sasoian ere. Hain zuzen ere, euskaraz dakiten pertsonak –bidelagunak– euskara ikasten ari diren eta praktikatzeko gogotsu daudenekin –bidelariekin– elkartuko dira. Astean ordubeteko saioak egingo dituzte, elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten.

Udako taldeetan izena emateko epea ekainaren 24an amaituko da, eta horretarako edo argibide gehiago jasotzeko hainbat bide jarri dituzte aukeran: 625 48 52 15 (Amaia) telefono zenbakira deitu daiteke, urolakosta@aek.eus posta elektronikora idatzi edo praktikatu.eus/blog/urolakosta/ webgunera sartu. Uztailean eta abuztuan egin ahal izango dira praktikaldiak, edo hilabete batean edo besteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!