TAO sisteman aldaketa bat egin du Orioko Udalak

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 23a, 10:51
Argazkia: Karkara

Pasa den ekainaren 1ean jarri zen indarrean TAO sistema berria. Egonaldi laburreko aparkalekuen denbora muga luzatzea erabaki du Udalak, herritarren iradokizunak jaso ostean.

Herriko saltoki gehienak biltzen dituzten lau kaleetan (Eusko Gudari, Arrantzale, Abeslari eta Ibai Ondo) egonaldi laburreko aparkalekuak ezarri ditu aparkalekuen ordenantza eguneratuak. Orain arte, egun osoan gehienez ere ordu eta erdiz aparkatu ahal izan da bertan, tiketa aterata. Azken egunetan, ordea, epe hori luzatzeko eskaerak jaso ditu Udalak.

Proposamena Hirigintza batzordeak aztertu du, eta eskaera onartzea erabaki du. Aurrerantzean, beraz, aukera izango da goizean ordu eta erdiz eta arratsaldean beste ordu eta erdiz aparkatzeko, egonaldi laburreko eremuetan. Ondoko zehaztasunak hartu beharko dira kontuan:

  • Ezin izango da aparkatzeko epemuga goizetik arratsaldera luzatu, ezta arratsaldetik hurrengo egunera ere. Adibidez, ibilgailua 12:00etan aparkatuz gero, 13:00 arte ordaindu beharko da tiketa. Eta 16:00etatik aurrera bertan jarraitu nahi izanez gero, beste tiket bat atera beharko da. Hori bai, erabiltzaileak arratsaldean ere beste ordu eta erdiz aparkatzeko aukera izango duela azaldu du Udalak.
  • Matrikula sartzerakoan, sistemak automatikoki identifikatzen du zein den herrikoa eta zein ez, eta zuzenean dagokion tarifa eskaintzen dio.
  • Aldaketa indarrean da jada.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!