Sorginak

Egoitz Dorronsoro Taboada 2022ko eka. 25a, 09:00

Badira sorginen inguruko nahi beste mito eta ipuin. Sorgin hitzaren etimologiaren inguruan ere badira hipotesi franko: mina baretzen duen pertsona, sortzen duen pertsona, sorgintzen duena (sor moteltze edo tontotze bezala ulertuz)... Terminoaren egungo ulerkera ezaugarri horien dantza batek osatzen duela esango nuke, Inkisizio garaiko definizioaren kontra, landareak erabiliz sendatzen zuen emakumearen irudia gailentzen ari delarik. 

Egin dira ahalegin asko Inkisizioak erre zituen emakume (ez beti) horien izena garbitu eta sorginek garai hartako gizarteetan zuten lekua ulertu eta gizarteratzeko. Baina, nire ustez, beste galdera bat ere gehitu behar diogu: zergatik tematu zen horrenbeste Inkisizioa Europan sorginekin? Silvia Federicik esaten duen lez, gizarte kapitalista batetara salto egiteko beharrezko fenomenoa izan zen. 

Eliz zein estatu gizonek gizartea ulertu eta antolatzeko modu berri batekin etorri zen sorgin ehiza. Lekuan lekuko ezaugarri berezituak eduki arren, Europa osoan oinarri berak zituen, baita egun Afrikan zein munduan ematen direnek ere: diru-ekonomiaren bidean, lur komunalak pribatizatzea eta kapitala metatzea. 

Produkzio molde berri horrek, lanaren gaitasun produktiboa sustatuko zuen gizabanakoa behar zuen, horretarako mundu naturalarekin, pertsonekin eta beraien gorputzekin lotzen zituzten harreman sareak deuseztatuz. 

Testuinguru hartan emakumeak arriskutsuak ziren, garaiko gizarteetako emakumeen erreprodukzioarekiko harreman esklusiboa mugatu behar zutelarik, "mundu naturalaren arrazionalizazioa" garatzeko. Sorgin ehizak terrorea ezarri zuen emakumeengan, hortik feminitate berri bat sortuz: emakume asexuatuak, esanekoak, otzanak, gizonen mendekoak, kapitalismoak debaluatutako jardueretara mugatuak... 

Beraz, sorgin ehizak mundu kapitalista sortzeko tresna bezala ere ulertu behar dira. Feudalismo garaiko emakume boterearen errepresio bezala. Agian, bakarren batek emakumeen ehiza egungo ongizatera iristeko beharrezko lan gisara justifikatuko du, Amerikako kolonizazioaren moduan (ezta Jmpaxai). Garaiko pentsamoldea ezagutuz eta gertaerak testuinguruan ipiniz dakigu sorgin ehizaren zergatia. Egia da historia ezin dugula aldatu, baina kontaera aldatu dezakegu, jakina baita historia irabazleek idatzia dela. Bide horretatik, historiako zein pertsonaia edo gertaera landu nahi dugun erabaki dezakegu. Hausnartze horretatik, nik behintzat argi dut nahiago dudala sorgin kale bat eduki, kolonialista baten kalea eduki baino. Ea udako solstizioarekin bat, gure kaleak bere gorputzaren eta bizitzaren jabe diren sorginez betetzen diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!