Kalean da uztaileko KARKARA aldizkaria

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 1a, 13:39
Uztaileko Karkara

Ohi bezala, hileko lehen ostiralarekin iritsi da Aiako eta Orioko postontzietara KARKARA aldizkaria.

Uda iritsi da eta eduki interesgarriz beteta dator ikasturte honetako azken zenbakia. Oraingo honetan 70 hamarkadan herrira iritsi ziren familia marokoarrak sakonago ezagutzeko, Tiar eta El Ghailani familiekin hitz egin du KARKARAk erreportaje nagusia egiteko.

Traineru denboraldia hastear dela, herriko txalupa nagusien asmoen berri ere jakin nahi izan dugu. Horretarako, emakumezkoen txalupako entrenatzaile Patxi Frances, gizonezkoen taldeko arraunlari Fernando Rua eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kide Maider Arrillaga elkarrizketatu ditugu. Horrez gin, Zaragueta Herri Eskolako kideek elkarlanean sortu duten Baleatik Baleara mahai-jolasak ere badu tokia uztaileko zenbakian.

Bestalde, Iñaki Iturainek, Oroimenaren Kutxa atalean, Kostako ferrokarrila izan du hizpide, eta Osasuna atalean, Oihane Agote psikologoak uda garaian gorputz-irudiaren inguruan sortzen diren kezkei aurre egiteko estrategiak azaldu ditu.

Ohiturari jarraituz, hurrengo zenbakia Kontxako Estropaden ondoren argitaratuko dugu, irailaren 16an, hain zuzen ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!