Kopuruz antzera, eta iaz baino garestiago saldu dute aurten antxoa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 9a, 09:00
Antxoa kaxa arraindegian. (Amaia Urbieta Arruti)

6.528 kilo antxoa arratzatu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzontziek azken kanpainan. Lonjan antxoa kiloa garestiago saldu badute ere, kostuak handitu egin dira, eta "goizegi" da errentagarritasuna zenbaterainokoa izan den neurtzeko, Emeterio Urresti Gipuzkoako kofradietako ordezkariaren arabera.

Antxoaren kanpainaren datuak aurkeztu dituzte jendaurrean, eta azalpenak ematen izan dira, besteak beste, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, Emeterio Urresti Gipuzkoako kofradietako ordezkaria eta Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusia. “Espeziearen stock-a egoera onean dago Bizkaiko golkoan”, Orozen arabera. Denera, 6.528 kilo antxoa harrapatu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzontziek, eta kiloa 1,58 euroan saldu dute lonjan, batez beste (iaz baino %1,9 garestiago). Tamaina handiagokoa izan da aurtengo antxoa, garestiagoa, eta euskal kostaldetik gertuago harrapatu dute. 

Datu horiekin, pentsa daiteke litekeena dela errentagarritasuna handiagoa izatea, baina, ohi bezala, zuhur mintzatu dira sektoreko arduradunak. Bidaia motzagoak eginda gasolio gutxiago kontsumitu dute, baina erregaien prezioen igoerak asko baldintza ditzake urte amaierako emaitzak, eta baliteke horrek orain arteko irakurketa baikorra desitxuratzea. Emeterio Urresti Gipuzkoako kofradietako ordezkariak azaldu duenez, iazkoa halako bi ordaintzen ari dira gasolio litroa (80 zentimotik gora), baina gaineratu du oraindik “goizegi” dela horren eraginak neurtzeko, eta interpretazio zehatzagoa egingo dutela hasi berri den hegaluzearen kanpaina amaitzean.

Espezie horren biomasaren bilakaerari dagokionean, Bioman urteko kanpaina zientifikoak, AZTI zentro teknologikoa buru duela, 2022an 230.000 tona inguruko antxoa helduaren behin-behineko biomasa aurreikusten du. Espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko kopurua 21.000 tonatan dago ezarrita, eta askogatik gainditzen du egungo kopuruak muga hori.  2005etik 2009ra debekatuta egon zen antxoa arrantza, biomasa ez zelako kopuru horretara iristen. Dena den, azken hiru urteetan 200.000 tonaren muga gainditu du biomasak. Urte amaieran emango dute antxoaren 2022ko biomasaren behin betiko kopuru zehatza. Hori kalkulatzeko, Bioman 2022 ez ezik, Pelgas 2022 eta Juvena 2022 kanpainetatik eta arrantzu adiko harrapakinetatik jasotako datuen analisi bateratua egingo dute.

Arrainen biomasaz gain, haien elikadura eta habitata ere ebaluatzen ditu Biomanek, eta Pozok jakinarazi duenez, “antxoen elikagaiaren goranzko joera” nabaritu dute azken 35 urteetan. “Hori albiste ona da, elikagairik gabe arrainik ez dagoelako”, dio. Zehazki, kopepodoak dira elikagai horiek (krustazeo txikiak, zooplanktonaren ia %70 osatzen dutenak), eta %2,4 hazi dira hamarkada bakoitzean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!