Laugarren izan da Orio Orialki Sestaoko banderan

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 23a, 20:42
Orioko trainerua pasa den asteburuko estropadan.

Bizkaiak hartuko ditu Eusko Label ligako zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiak. Gaur Sestaoko bandera izan da jokoan, errioan, eta bihar Santurtzi hartuko ditu TKE ligako ontziak. 

Ibaizabalen jokatu da gaur arratsaldean Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldia, Sestaoko Udalaren XXI. bandera, hain zuzen. Ibai horretako kaleekin eta korronteekin asmatzea ez da lan samurra izaten, eta horretan asmatzen saiatu dira ontziak.

Orio Orialki ohorezko txandan aritu da Hondarribia, Donostiarra eta Bermeorekin batera. Bermeok hartu du aurrea lehen txandan, eta postu horretan heldu da lehen ziabogara; segundo gutxira eman dute buelta Donostiarrak eta Hondarribiak; Oriok, berriz, bi traineru galdu ditu ziaboga unerako. Bigarren luzetik aurrera Bermeo eta Hondarribiaren arteko borroka izan da; Donostiarra eta Orio atzean geratu dira, eta hor galdu dituzte bandera eskuratzeko aukerak. Amaieran, Hondarribia izan da garailea, bigarren izan den Bermeorekin 70 ehunekoen aldea besterik ez da izan. Donostiarra izan da hirugarren eta Orio laugarren. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. 

Santurtzin jokatuko da bihar Eusko Label ligako zortzigarren jardunaldia. 12:13tik aurrera arituko dira ontziak Santurtziko XLIII. Ikurriña irabazteko lehian. 

Orio B hamaikagarren

Pasaian jokatu da arratsaldean KAE 1 ligako estropada. Erlojupeko estropada izan da, eta ontziak bi txandatan banatu dituzte, sailkapen orokorreko postuen arabera. Orio Orialki lehen txandan aritu da, eta estropadako hamaikagarren postua lortu du gaur. 

Datorren astean Camargon izango du estropada Orioko B ontziak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!