Oriok ezin izan du Arraun Lagunak taldearen lana hobetu gaurkoan

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 25a, 12:49
Orioko banderan, Nadeth Agirre patroia eta bere taldea (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Lekeition 12:00etan hasi da emakumezkoen Euskadiko Traineru Txapelketa, eta Orio Orialki bigarren sailkatu da, bere txanda irabazi arren. Hamazazpi segundoko aldea atera diete donostiarrek. 

Txanden eta kaleen artean aldea egon da gaur Lekeition jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketan, eta gaurkoan Orio Orialkiren kalterako izan da. Arraun Lagunak aurkari zuzena aurreneko txandan lehiatu da, eta Orio bigarrenean, eta hamazazpi segundoko aldea aterata, donostiarrak izan dira Euskadiko txapeldun.

12:00etan puntuan abiatu da emakumezkoen txapelketa, eta bi txandatan banatuta jokatu dute: lehenengo txandan Donostiarra, Arraun Lagunak, Hibaika eta Hondarribia lehiatu dira, eta bigarrenean Orio, Ondarroa, Deustu eta Tolosaldea.

Orio erraz nagusitu da bigarren txandan, 25 segundoko aldea aterata bigarren helmugaratu den Tolosaldeari, baina Orioren denbora (11:38,24) ez da nahikoa izan Arraun Lagunak garaitzeko, horrek 11:20,88 denboran egin baitu estropada.

Nadeth Agirre oriotarren patroiak ETB1 telebista kateari egindako adierazpenetan, azpimarratu du guztiek ez dituztela baldintza berak izan, eta horrek eragina izan duela. "Hasieratik genekien gure aurkari zuzenak beste txandan ariko zirela eta diferentzia egongo zela txanden artean. Gure kaletik ahal duguna egiten saiatu gara, eta denentzat baldintza berak egon izan balira emaitza ez zitekeen hau izango. Dena dela, hau ez da hemen bukatzen, eta orain ligari begira buru-belarri jarriko gara".

SAILKAPENA

1.-Arraun Lagunak 11:20,88

2.-Orio (+17,36)

3.-Hondarribia (+21,39)

4.-Donostiarra (+22,35)

5.-Tolosaldea (+42,50)

6.-Hibaika (+50,12)

7.-Ondarroa (+1:25,36)

8.-Deusto (+1:31,69)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!