"Publikoa oso gertu sentitu dugu Jazzaldiko kontzertuetan"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 28a, 09:47
Swingtronics taldea Jazzaldian. Ezkerretik hasita bigarrena da Joseba Aparicio oriotarra. (swingtronics)

Joseba Aparicio (Orio, 1984) musikariaren Swingtronics taldeak bi saio eskaini ditu Txiki Jazz sailean; publikoa dantzan jarri dute swing elektronikoaren doinuekin.

Swingtronics taldearekin Donostiako Jazzaldian parte hartu duzu. Lehen aldiz?
Ez, bigarren aldia izan da hau. Gainera, uste dut iazko kontzertuak izan zuen harreragatik gonbidatu gaituztela aurtengoan. Pasa den urtean, izurritea zela eta, hainbat babes neurri jarraitu behar ziren, eta eserlekuak jarri zituzten gure eszenatokiaren aurrean. Baina guk egiten dugun musika oso dantzagarria da, eta ikusleak eserlekuetatik altxatu ziren –beren lekutik mugitu gabe–, musikaren erritmoan dantza egiteko. Arrakastatsua izan zen kontzertua, eta aurten berriz deitu digute bi saio eskaintzeko.  

Musikari gisa, zer moduzko esperientzia izan da Jazzaldian parte hartzea?
Iaz bikaina izan zen esperientzia, eta aurten are hobea izan da. Duela urte batzuk ez nuen pentsatu ere egingo Donostiako Jazzaldian jotzera iritsiko nintzenik. Jazzaldiko antolakuntzak oso ondo hartu gaitu, eta publikoaren erantzuna bikaina izan da, inork ez zuen espero swing elektronikoa eginez halako festa giroa sortuko genuenik. Txiki Jazz sailean parte hartu dugu, eta bi saio eskaini ditugu, bata Garbera merkatalgunean, eta bestea Fnac gunean. Familiei zuzendutako kontzertuak izan dira biak, eta lortu dugu haurrak eta helduak dantzan jartzea. Publikoa oso gertu sentitu dugu beti, eta giro ederra izan dugu. Horrez gain, artista asko ezagutzeko aukera ere eduki dugu, eta hori beti da aberasgarria musikariontzat.

Taldea ezagutarazteko balioko du maila horretako jaialdietan parte hartzeak, ezta?
Ni oriotarra naiz, eta askotan joan izan naiz Donostiara Jazzaldiko kontzertuez gozatzera, eta ez nuen sekula pentsatu ere egin Jazzaldiko eszenatoki batera igoko nintzenik. Nik uste dut Jazzaldia berezia dela, jazz estilotik harago dagoen musikak ere baduelako tokia bertan. Esaterako, ni ez nator jazz mundutik. Bi urtetan jarraian Jazzaldian jotzeak gure taldea ezagutarazteko aukera eman digu, eta hori taldearen etorkizunarentzat garrantzitsua da.

Hainbat musika estilo jorratu dituzu zure ibilbidean zehar. Orain swing musikan bakarrik zaude murgilduta, ala beste proiekturen batekin uztartzen duzu hori?
Swing elektronikoan eroso sentitzen naiz, baina ez da jorratzen dudan estilo bakarra. Txikitatik txarangatan jo izan dut, Getariako Musika Bandako kidea naiz, eta musika estilo desberdinak egiten dituzten hainbat talderekin jotzen dut. Beraz, ez nago proiektu bakar batean murgilduta. Musika estilo guztiak gustatzen zaizkit, eta probatzea gustuko dut, gainera.

Zer proiektu dituzu esku artean etorkizun hurbilean?
Oraingoz, Swingtronics taldearekin lanean jarraitzeko asmoa daukat, datozen bi-hiru urteetarako baditugulako kontzertuak itxita, eta abesti berriak sortzeko irrikaz gaudelako. Horrez gain, udan kontzertu batzuk emango ditut Arabako En Tol Sarmiento taldearekin eta Skakeitan taldearekin. Beraz, momentuz lan asko dugu.

Musikaz bizitzea izan al duzu inoiz helburu?
Euskal Herrian oso talde gutxik dute musikatik bakarrik bizitzeko aukera, eta ez da nire helburua, gainera. Nik musika beste modu batera ulertzen dut. Nire pasioa da txikia nintzenetik, eta beti izan dut musikarekiko zaletasun handia; orain ere halaxe da, eta gustura, oso gustura nago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!