PAPEREKOA

"Asko miresten ditut nire aitona-amonak, oso ausartak izan ziren"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 31a, 16:27
Naudar El Ghailani Herbeherretan bizi da egun. (Utzitakoa)

Europan barrena dabil Naudar El Ghailani (Orio, 2001) azken hilabeteetan, eta herrialde berriak eta bertako errealitatea ezagutzeak gai askoren inguruan hausnartzeko aukera ematen diola aitortu du. Duela 50 urte Euskal Herrira etorri ziren familia marokoarren hirugarren belaunaldia da oriotar gaztea eta Herbereheetatik hainbat gai izan zituen hizpide KARKARArekin uztaileko aldizkarian.


Ikasketak amaituta, Herbehereetara joan zara. Zer sentitu duzu jaioterria utzi eta beste herrialde batera bizitzera joan zarenean?
Hasieran beldur pixka bat
ematen du. Haurra nintzenean egon nintzen hemen bisitan, baina ez nintzen gehiegi gogoratzen. Duela bi hilabetetatik hemen bizi naiz, eta desberdintasunak sentitzen ditut Euskal Herriarekin alderatuta.

Orain hobeto ulertzen al duzu zure aitona-amonek sentitu zutena Marokoko herrixka utzi eta Euskal Herrira etorri zirenean?
Nik uste dut beraiek bizi zuten talka askoz handiagoa izan zela, Maroko eta Europa arteko kultura desberdintasuna askoz nabarmenagoa delako; bi mundu desberdin dira; bi mundu ikuskera. Nire aitona-amonek helburu argia zuten Euskal Herrira etorri zirenean, familiari etorkizun hobe bat eskaintzeko lan egitea, eta horretan saiatu dira hamarkada hauetan guztietan. Horregatik, uste dut nahiz eta mende erdiz Orion bizi izan, ez direla sekula bertakoak sentituko. Hein txikiago batean, niri ere antzeko zerbait gertatzen zait. Euskal Herrian jaio banaiz ere, ez naizelako sentitzen %100 euskalduna, ezta %100 marokoarra ere. Bi kulturen artean hazi izan naiz eta identitate anitza dudala esango nuke. Orio nire jaioterria izanda horrela sentitzen banaiz, ulertzen dut nire aiton-amonak hemen ondo eta gustura egon arren, marokoarrak sentitzea. Beraien txikitako oroitzapenak, ama hizkuntza, familia eta kultura Marokon daude; hura da beren jaioterria, etxea.

Hirugarren belaunaldia zara zu. Zure familiak Marokoko balioak transmititzeko ahalegin handia egin al du?
Bai eta asko eskertzen diet.
Dena dela, bi kulturen artean bizitzea ez da beti erraza izaten. Etxean era bateko balioak transmititzen zizkiguten eta kalean beste batzuk, eta horrek gaztetxoa zarean identitate krisia sortzen du. Pribilegioa da bi kultura izatea, baina norberak bilatu behar izaten du bere bidea, identitatea, bateko eta besteko gauzarik onenak uztartuta. Ni, gainera, hiru ahizpetatik zaharrena naiz, eta antzeman dut gurasoek nirekin kezka gehiago izan dituztela; nolabait
bidea ireki diet nire ahizpei.

Lagunek eta inguruak errespetatu al dute zure identitatea?
Ni txikitatik ondo, integratuta,
sentitu izan naiz, baina aitortu behar dut zenbait unetan lekutik kanpo ere sentitu naizela, besteegandik desberdina, alegia. Haurra nintzenean, esaterako, batzuetan gaizki sentitzen nintzen, iseka egin behar zidatenean beti nire aitona-amonen eta gurasoen jatorriko kulturari egiten ziotelako erreferentzia. Askotan jendeak desberdintasun horiei garrantzia handia ematen die eta haurra zarenean ez duzu ulertzen zergatik gertatzen den hori. Heltzen joan ahala ikuspegia aldatzen da. Gainera, Orion ez ditut izan nire egoera bera bizi duten lagunak, nire lagun taldea bertakoak zelako, eta horren falta ere sumatu dut nolabait. Izan ere, gaztetan ohartu naiz bizi izan ditudan egoera asko ez zaizkidala niri bakarrik gertatu, eta esperientzia horiek besteekin partekatzea oso aberasgarria iruditzen zait. Hala ere, orain Orion kultura-aniztasun gehiago dago.

Gaur egungo haurrentzat errazagoa izango al da?
Nire garaian ez zegoen gaur
dagoen aniztasuna herrian, baina orain asko aldatu da egoera eta uste dut haur horientzat garrantzitsua dela beren egoera bera bizi duten beste haurrekin harremana izatea, bakarrik sentitu ez daitezen. Asko hausnartu izan dut gaiaz, eta nire aiton-amonak iritsi ziren garaiaz pentsatzen dudanean konturatzen naiz duela 50 urte zeinen zaila izango zen herrialde berri batean integratzea hizkuntza, kultura eta erlijio desberdina izanda. Asko miresten ditut, bizitza hobe baten bila jaioterria utzi zutelako ezezaguna zen herrialde batera etortzeko; oso ausartak izan ziren.

Herbehereak Euskal Herria baino herrialde anitzagoa da. Nola sentitzen zara bertan?
Ondo. Ahizparekin gai horri
buruz hitz egiten egon nintzen lehengoan. Orain Amsterdamen bizi naiz eta uste dut hiri honetan gehiago direla kanpotarrak bertakoak baino. Kultur-aniztasun handia duen hiria da, eta oso eroso sentitzen naiz. Gainera, niretzat pozgarria da jendaurreko postuetan edo lanpostu garrantzitsuetan emakumeak buruko zapia jantzita lanean
ikustea, Euskal Herrian
oraindik ez baita hori lortu. Nik neuk ez dut buruko zapia erabiltzen, baina ezagutzen ditut neskak eta emakumeak janzten dutenak eta zenbaitetan horregatik baldintzatuta sentitzen dira. Hemen, berriz, naturaltasunez ulertzen dute emakume musulman batek zapia jantzita izatea eta horrek sekulako poza ematen dit.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!