Orio Orialkik Euskotren Ligako bosgarren garaipena eskuratu du Getxon

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 30a, 18:06
Orio Orialkiko neskak artxiboko irudian, Coruñako estropadan (Argazkia: Aitor Arrizabalaga).

Getxoko Ikurrinaren lehian izan da gaur arratsaldean Orio Arraun Elkarteko emakumezkoen trainerua. Arraun Lagunakekin lehia estua izan badu ere, ziabogan aurrea hartzea lortu du Orio Orialkik, eta helmuga zeharkatzen lehen ontzia izan da azkenean. 

Euskotren Ligako Getxoko Ikurrinaren estropada irabazi du Orio Orialkik. Ziabogara iritsi aurretik, Arraun Lagunak zihoan lehen postuan, baina oriotarrek aurrea hartzea lortu dute gero, eta bi segundoko aldearekin nagusitu dira azkenean Orioko neskak. Kronometroak 10:52,56 denbora markatu du oriotarrek estropada bukatu dutenean. Bigarren sailkatu da Arraun Lagunak eta hirugarren ta laugarren, hurrenez hurren, Tolosaldea eta Donostiarra. 

Sailkapen orokorrean ere Orio da nagusi, 26 punturekin, eta gertutik jarraitzen dio Arraun Lagunak traineruak, hiru puntu gutxiagorekin. Donostiarrak 12 puntu ditu, eta Tolosaldeak, berriz, 9.

Hurrengo neurketa bihar izango dute, Lekeition. Estropada 11:40ean hasiko da, eta irabazleak XI. Euskotren Bandera eskuratuko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!