Orbegozok eta Aranburuk Getariako Pilota Txapelketako finalerdia jokatuko dute gaur

Aurrean Araburu eta atzean Orbegozo elkarren aurkako partida jokatzen. (Utzitakoa)

Getariako Pilota Txapelketak sona handia du eta Euskal Herriko pilotariak biltzen ditu urtero.

Orioko Ospele Orioko Euskal Pilota Klubeko Lorentz Orbegozo aiarrak eta Joseba Aranburu oriotarrak Getariako Pilota Txapelketako finalerdia jokatuko dute gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera. Iruñeko Oberena klubeko Oskoz eta Agirre izango dituzte aurkari, eta ikuskizun polita ikusteko aukera izango dela azaldu dute Orioko klubeko arduradunek.

Orioko klubak txapelketara 23 urte azpiko mailako bikotea aurkezten duen lehen aldia da. "Joseba Aranburuk atzetik jokatzen duen lehen txapelketa da, baita bikoteak elkarrekin jokatzen duen lehen txapelketa ere. Oso gustura gaude gure klubeko bikotea egiten ari den lanarekin, final erdira iristeko hiru kanporaketa gainditu behar izan dituzte-eta. Gaurko partidan Iruñeko Oberena klubeko bikotea izango dute aurkari. Elkarte garrantzitsua da, punta-puntako pilotariak baititu", azaldu dute elkarteko kideek.

Getariako Pilota Txapelketa berezia da pilotari afizionatuentzat, Euskal Herri osoko pilotariak biltzen dituelako urtero. "Ibilbide luzeko txapelketa da eta sona handia du pilotarien artean. Gainera, eguraldi ona egiten badu, partidak herriguneko pilotalekuan jokatzen dira. Frontoi lehorra da, hau da, frontisean nahiz lurrean pilota ez da hain bizi ibiltzen, eta partidak estuagoak eta gogorragoak izaten dira. Gainera, ikusle asko biltzen ditu txapelketak eta giro oso ona sortzen da harmailetan. Izan ere, horrelako frontoi irekietan paseoa dabilen jendea asko geratzen da partidak ikusten", zehaztu dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!