Dunak, haizearen eta hirigintzaren aurrean

Mikel Eizagirre 2022ko abu. 9a, 09:00

Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animaliak eta Landareen Zerbitzuko arduradunak Antillako dunen berreskuratze-plana zertan den azaldu dio KARKARA-ri. Dunen galerak dakartzan arriskuak, orain arte egin diren esku-hartzeen nondik norakoak, horren emaitzak eta dunetako landarediaren deskribapenak eskaini ditu.

2013ko neguan hasi omen zen Antillako lana, Zulaikak azaldu duenez. Urte haren hasieran egindako ekintza bat izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabat urbanizatutako hiru hondartzatan gauzatu zuena: Orion, Hondarribian eta Deban. Espainiako Gobernuak ere saiakera bat egin zuen aurretik, baina, Zulaikaren hitzetan, “udalen eta herritarren laguntza edo babes nahikorik gabe ez zuen egin nahi izan”. Beraz, aldundiak bazuen beldar hori Orion lanean hasi zenean. Kasu hartan, Udalak baiezkoa eman zion planari, eta Errio Natur taldeko neskek ere eskua luzatu zieten.

Behin urrats hori emanda, proiektua hondartza osora zabaltzea erabaki zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak (Itsasertzeko Zuzendaritza edo Costas ezinezez ezagunagoa den administrazioak). Izan ere, “oraingoaren laurdena ere ez zen izango bestela”, ziurtatu du Zulaikak.

Hondartzan dunak egitearekin, funtsean, “hondar-sistema txiki eta mugatuei duintasun puntu bat” eman nahi diete. Izan ere, inguruko hondartzak 'urbanoegiak' direlakoan dago Gipuzkoako Foru Aldundia: “Azken batean, hondartza, ia, udan aisialdirako erabiltzen den parke edo eremu publiko gisara hartzen da”. Hortik harago, hondartzen jarraipen logiko eta naturala diren dunek haren atzeko lur eremuak itsasoaren presiotik babesteko balio behar lukete.

Hondartzaren higadura

“Dunen gainean eraiki ditugu herriko lehen etxeak eta itsasaldi gogorrak etxe horietara iristean hasten gara kexuka”, ohartarazi du Zulaikak. Bere ustez, kalteak ez lirateke horren handiak izango hiriguneak “atzeraxeago” eraiki izan balira. Fenomeno hori hondartza gainean eraikitako herrietan nabari da gehien, hala nola, Zarautzen eta Deban. Orioren kasuan, berriz, herria ez da hondartzaren gainean eraiki, askoz atzerago baizik. Azken urte hauetan herria hondartza aldera zabaldu da, ordea. Herriaren hedadura hondartzaren beraren gainean izan ez arren, nolabait, hondar sistema gainean eraiki dira hainbat etxe, etendurak eraginez. Horrek “segurtasun tarte handixeagoa” ematen diolakoan dago Zulaika. Hala ere, ez da gehiegi fio: “Itsas mailaren gorakada dela eta, ez dakigu hamarkada batzuk pasatzean noraino heldu litekeen arazoa”.

Hori gutxi balitz, “sekulako arazoa” identifikatu zuten Antillako hondarrekin, duna eraikitzeari ekin eta berehala: hondarraren frakzio txikia. Alboan zegoen enpresa batek hondar-alerik txikienak dragatu, galbahetik pasa eta merkaturatzen zituenez, ez zen hondartza elikatzera iristen. Ondorioz, hondar konposizioa “erabat” aldatzen ari zen Orion. Horren ondorioz, “gero eta desatseginagoa” bilakatu omen zen hondartzan ibiltzea, eta eragina horrenbestekoa izan zen, marearteko zatiaren bataz besteko malda asko igo zela. “Oso desatsegina izan zitekeen bainua hartzea eta inoiz, bereziki haur txikientzat, arriskutsua ere bai”, argitu du Zulaikak.

Batetik, hondar fina galtzen ari zen, eta bestalde, haizeak garraiatzen zuen hondar preziatuenak ere ihes egiten zuen malekoi inguruan. Hori gutxi ez eta, galdutako hondarrak “arazoak” sortzen omen zituen kanpoan: jolas-lekuan, jardinetan, aparkalekuan, errepidean bertan eta aurreko hotelaren espaloian. “Hondar hori harrapatu eta hondartzan bertan atxikitzea” izan da dunaren proiektuaren helburua, besteak beste.

Habitat naturalaren galera “ezbeharrra” dela azpimarratu du Zulaikak. Ekosistema hori berreskuratzeko asmoa izan dute, hondartzako duna Gipuzkoan “urria, eskasa eta mehatxatua” dela iritzita: “Oso habitat bereziak dira, landaretza erabat espezifikoa eta beste inon biziraun ezin dezakeena”.

Emaitzak

Zulaikaren aburuz, helburua “neurri batean” bete da. Izan ere, jendea hondartzaren itxura berrira ohitu delakoan dago, edo herritarrek ez dutela lekuz kanpo ikusten, bederen. Bertako “belar bereziak”, aldiz, ez daki zer moduz baloratzen diren. Hori bai, dunei esker hondartza atzeko aparkaleku eta errepidearen mantenimendu lanetan alderik sumatu den jakin nahiko luke.

Bestalde, “lehen askoz hondar gehiago irteten zela” gogorarazi du, bai eta hura jaso egin behar izaten zela ere. Hein batean, hori ekidin dela uste du, eta egun, gutxiago omen da irteten den hare kopurua. “Egungoaren laurdena zen hasierako duna zati hartan, lehen bi urteetan, batezbeste 15 zentimetro hazi zen duna. Eremutxo txiki hark zituen 1.500 m2-tan, 225 m3 hondar metatu ziren, hogeitaka kamioikada”. Hala izan ez balitz, “han-hemenka” ibiliko zirela aurreikusten du, besteak beste, inguruak hondarrez estaltzen. Dena den, gai hori oraingoz “utzi” egin dutela adierazi du Zulaikak. Egun, Espainiako Ingurumen Ministerioa eta Orioko Udala arduratzen omen dira gaiaz.

Ezaugarri naturalak

Gipuzkoako Foru Aldundiak harenondokoa (Ammophila arenaria) eta itsas-askia (Elymus farctus) landareak bakarrik sartu zituen; azken hori, neurri txikiagoan. Espezie horiek, Zulaikaren arabera, “bestelakoak azaltzeko” prestatzen du lekua. Landare gogorrok muturreko baldintzetan irauten dute. Beraz, “haizea orraztea” izan da harenondokoen eta itsas-askien funtzio behinena; “hartzen duen altuera eta osatzen dituen hosto sortak direla eta”, dio Zulaikak. Horrela, hondarra erori eta bertan metatzen da, bestelako espezieei ateak zabalduz.

Gerora, bestelako espezieak iritsi direla kontatu du. Zehazki, bestelako landareen haziak garraiatu ditu itsasoak, inguruko edo urrutiko beste hondartza naturalagoetatik. Hala, itsas-piperra (Poligonum maritumum), itsas lilipa (Pancratium maritimum), itsas armika (Eryngium maritimum), itsas kakilea (Cakile maritima), ezker aihena (Calystegia soldanella) eta beste hainbat azaldu dira. Pixkanaka, “dunako landaredia aberasten” ari dela ziurtatu du Zulaikak. Dena den, oraindik ez da bereziki babestu beharreko espezierik ageri.

Espezie inbaditzailea

Kirol portu aldamenean, berez, hondartzak eskatuko lukeen duna eremua legokeela azaldu du Zulaikak. “Baina, berandu gabiltza”, deitoratu du. Lehen lerroko etxeak eta hotela dagoeneko eginak daudenez, “erabat” eteten dute hondartzaren eta dunaren espazio naturalaren arteko lotura. Orain, Zulaikak azaldu duen moduan, ez dago hondar garraiorik eta, beraz, atzekoaren duna izaera “erabat” galduko da. Azpian hondarra du, baina gainera ez datorkio hondar berririk.

Adituaren arabera, hondartza atzean “txiringitoak” zeuden sasoian, futbol zelai zaharra, kanpina eta errioaren arteko eremu horretan dunak ba omen bazuen bere funtzionalitatea; garai batean. Gainera, bertan bazen itsas-ziabelarra (Galium arenarium) deituriko landarea, Bizkaiko Golkoko endemismoa. Espezie hori babestua da gaur egun, Iparraldean eta Landetan. Hegoaldean, berriz, Zarautzen eta Antillan bakarrik azaltzen zen. Gaur, Iberiar Penintsula osoan, Zarauzko Iñurritzan bakarrik ikus liteke. Oriokoaren desagerpenaren sorburua 90. hamarkadako urbanizazio-lanei egozten die Zulaikak.

“Egun dagoen eremuan hainbat espezie inbaditzaile” daudela ohartarazi du. Hondartza gehienetan azaltzen diren asko dira, baina bereziki, Hegoafrikako margarita aipatu du Zulaikak, Arctotheca calendula; “benetan ederra, bistosoa, baina ihes eginez gero, duna bazterrak hartu ditzakeena”.

Aurrerantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bestelako esku-hartzerik aurreikusten Antillako dunetan. Asko jota, “espezieen aldetik hobetze eta kudeaketa” lagun dezaketela diosku Zulaikak. Mugak hertsiak dira: eskuinetik mendia dago, ezkerretik errioko espigoia, eta hegoaldean oinezkoen malekoia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!