"Atzeraka doa arrauna"

Berria 2022ko abu. 5a, 09:17

Aitor Manterola kazetariak elkarrizketa egin dio Jose Luis Kortari, Berria.eus atarirako.

Kaiku arraun elkartearen egoitza zaharkituaren kanpoaldean oihu bat entzun da. Birao bat atzetik. Iritsi berri den furgoneta batetik, Jose Luis Korta (Orio, Gipuzkoa, 1949) eta laguntzaile bat jaitsi dira.

«Kortak orain ere egin du», ari da esaten arraunzalea: Kaiku igoberria bosgarren doa Eusko Label ligan.

Egin? Azkena egin genuen gure txandan aurreko igandean [barrezka]. Helburua da mailari eustea arazorik gabe, iaz igoera justuan lortu eta gero. Aurreneko estropadetan atzetik alde egitea zen asmoa, eta lortzen ari gara. Sinatuko genuke orain bosgarren egotea. Baina badugu hobetzeko tartea arraunean. Neurriekin eta arraunekin pixka bat asmatzen badugu, hor daukagu borroka bosgarren lekurako Zierbenarekin eta Getariarekin.

Zer eman diozu taldeari?

Errieta ugari, gero lana egiteko. Baina kasurik ez didate egiten. Lehen ere ez, baina orduan, entzun egiten zidaten, eta orain, belarri batetik sartu eta bestetik atera. Gaurko gazteak...

Kortak ez badu errespeturik sartzen...

Barruan joango banintz, jarriko nuke. Denek isilik joan beharko lukete, eta nik egindakoa egin. Entrenatzailea traineruan joanda errazagoa da. Gaizki ohituta daude. Profesionalak direla esaten dute. Profesionalak? Kobratu gabe profesionala baino gehiago saiatzen dena da profesionala. Lehenagoko arrauna gehiago gustatzen zitzaidan.

Zertan aldatu da?

Entrenatu, lehengo aldean gutxiago entrenatzen da, adibidez. Orain, hobekuntza medikutan egin dugu.

Onean ala txarrean?

Orain ere ibiliko da, baina ez noa ezer esatera horretaz.

Entrenamenduetako aldaketa zertan gauzatu da?

Duela 15-20 urteko arraunlariek segitzen dute oraindik. Zerbait gaizki doa. Gazte asko dabil, baina gora gutxi iristen dira; ez diete zaharrei postua kentzen. Horiek ohituta daude lehengo entrenamenduetara, eta, orduan, larunbatean goiz eta arratsalde egin behar bazen, egin egiten zen. Oraingo gazteek oporrak ere beraiek antolatzen dituzte. Pentsa, aste santuan jai eman behar bost bat egun. Asko galdu da lehengo pentsamoldea kirol guztietan.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!