Orio Orialki emakumezkoen taldeak irabazi du Getariako bandera

Orio Orialki emakumeen taldea garaipena ospatzen, Getariako banderarekin. (Orio Arraunketa Elkartea)

Gizonezkoen taldeak Urdaibairen atzetik bigarren postuan sailkatzea lortu du, bigarren txandan arraunean eginda.

Gaur Getarian jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Emakumeen norgehiagokan Orio Orialkik nagusitasunez irabazi du estropada, hasieratik estropadaren buruan jarrita. Hala, ligako zortzigarren garaipena eskuratu du.

Gizonezkoek ere estropada ona egin dute. Bigarren txandan jardun dira arraunean, Lekeitio, Ondarroa eta Caborekin batera, eta nagusitasuna erakutsi dute beren txandan. Izan ere, estropadak aurrera egin ahala, aurkariei ateratzen zien errenta nabarmen handitzea lortu du Oriok; bukaeran, txandako aurkariei 22 segundotik gora atera dizkie. Oriotarrak bigarren txandan aritu badira ere, bandera irabazteko helburua izan dute uneoro gogoan. Burua hotz mantendu dute estropadan zehar, erreferentziarik gabe, ohorezko txandakoen denborak hobetzeko ahalegina eginez. Azkenean, bandera ez, baina bigarren sailkatzea lortu dute.

Ezustekoa ere gertatu da ohorezko txandan, estropadaren buruan zihoan Hondarribiak lehen ziaboga estriborretik hartu baitu, banderaren lehiatik guztiz aldenduz. Berriz hartu behar izan dute ziaboga hondarribitarrek, minutu erdi baino gehiago galduz. Orduan, Urdaibai jarri da aurretik, eta bandera irabaztea lortu du Bizkaiko taldeak. Bigarren denborarik onena, berriz, Oriok markatu du, ohorezko txandan aritu diren, Donostiarra, Getaria eta Hondarribiaren aurretik

Emakumeen estropadako sailkapena

 

Gizonen estropadako sailkapena

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!