Ondarroan eta Castron jokatuko dituzte estropadak Orioko traineru nagusiek asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 12a, 10:48

Emakumeen liga amaierara iristen ari da eta, lanak orain arte bezain txukun egiten baditu Oriok, titulua poltsikoratuko du.

Bihar eta etzi jokatuko dituzte estropadak Orioko traineru nagusiek, Ondarroan (Bizkaia) biharkoa, eta Castron (Kantabria, Espainia) etzikoa. 38. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia izango dute jokoan gizonek bihar eta, emakumeek izen bereko 9. bandera. Igandean, berriz, Caixabank Bandera izango da jokoan Castron.

Biharko estropada 17:40ean hasiko da. Emakumeak uretaratuko dira lehenik, eta gizonek ekingo diote lehiari horien ondoren. Igandean ere hurrenkera bera mantenduko da ohi bezala, eta 11:40ean hasiko dira estropadak.

Euskotren ligako traineruaren kasuan, hurbiltzen ari da liga amaiera. Zarautzen jokatuko dituzte azken estropadak hilaren 20an eta 21ean, eta horien aurreko azken lehiak izango dira biharkoa eta etzikoa. Lau estropadaren faltan, beraz, lidertzan sendo dago Orio, 38 punturekin (32 ditu bigarren doan Arraun Lagunakek). Datozen jardunaldietan lanak orain arte bezain txukun egiten badituzte, bederen, ligako titulua poltsikoratuko dute Orioko emakumeek. 

KAE 1ekoek ere bai

Orio B traineruak ere estropadak jokatuko ditu asteburuan. Zehazki, Plentzian (Bizkaia) izango du hitzordua bihar, eta astelehenean Castron.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!