Laugarren egin du Orio-Orialkik Castroko banderan

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 14a, 13:49
Orio-Orialki, Ondarroako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Bizkaitik Kantabriara, Ondarroatik Castro Urdialesera mugitu da gaur Eusko Label liga. 

X. Caixabank bandera jokatu da gaur eguerdian Castro Urdialeko uretan. Bezperan eguraldia aldaketarengatik Ondarroan izandako gorabeherak ahaztu, eta lanera atera dira Eusko Label ligan ari diren ontziak. 

Larunbatean Ondarroan izandako emaitzen arabera osatu dira gaurko estropadako txandak, eta Orio-Orialki –atzo zortzigarren– bigarren txandan aritu da Santurtzi, Ares eta Donostiarrarekin batera. Lehen ziabogararko traineru bateko aldea atera dio Donostiarrak, eta alde hori jan ezinik aritu da San Nikolas trainerua. Lehen bi luzeetan, gainera, hurbil izan ditu galiziarrak eta bizkaitarrak. Hirugarren luzetik aurrera aldeak egonkortu dira, eta bere txandan bigarrena izan da Orio (20:45,18), Donostiarraren (20:36,78) atzetik, baina Santurtzi (20:54,48) eta Aresen (21:12,76) aurretik. 

Estropadako sailkapenari dagokionez, hirugarren txandan, ohorezkoan, aritu diren Hondarribiak eta Urdaibaiek lortu dituzte denbora onenak. Hondarribiak eraman du Castro Urdialeseko bandera 20:30,73 denborarekin; bigarren Bermeoko eskifaia izan da, hondarribitarrekiko bi trainerura (20:36,04).

Hemen ikus daitezke gaurko denborak.

Laugarren jarraitzen du Orio-Orialkik Eusko Label ligako sailkapen orokorrean, 129 punturekin. Ligako lehen bien arteko aldea murriztu du Hondarribiak, eta hiru puntura jarri da: Urdaibaik 149 puntu ditu, eta Urdaibaik 146. Donostiarra da hirugarren 144 punturekin.

Datorren asteburuan Zarautzek hartuko du Eusko Label liga: Zarauko XLV Ikurrina izango da jokoan. Bi jardunalditara jokatuko da estropada abuztuaren 20an eta 21ean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!