Saririk onena, herritarren txaloak eta malkoak

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 22a, 09:58

Atzo iluntzean hori kolorez jantzi zen herriko plaza, Zarauzko Bandera eta Euskotren ligako garaikurra etxera ekarri zituzten arraunlariak omentzeko eta garaipena elkarrekin ospatzeko. Jon Agirresarobe Torrotxok banan-banan aurkeztu zituen arraunlariak ez ezik, baita entrenatzailea, prestatzaile fisikoa eta arlo teknikoan lanean aritzen direnak ere, eta denak banaka-banaka jaitsi ziren elizako aldapatik udaletxe aurreraino. Ohi bezala, udaletxeko balkoian banderak astinduz amaitu zen ekitaldia. Aurrez, hori bai, aurreskua dantzatu zieten herritarren aurrean.

Asteburu eta denboraldi borobila amaitzeko, errezibimendu borobila izan zen atzokoan Orioko plazan. Orio Arraunketa Elkarteak herritarrei dei egina zien atzo 20:00etan plazan elkartzeko klubeko emakumezko arraunlariei merezitako harrera egiteko, eta ordubete lehenago jada hori kolorea zen nagusi plazan.

Jon Agirresarobe Torrotxok hartu zuen mikrofonoa eta, banan-banan, elizako aldapatik udaletxe aurreraino joan ziren arraunlariak. Torrotxok bakoitzari buruz pare bat esaldi esan zituen; ez berak idatziak, arraunlariei buruz taldekideek beraiek esandakoak baizik. Arraunlariei arraunekin pasilloa egin zieten klubeko neska gazteenek, "etorkizuneko protagonistek", eta arraunlarien aurretik jaitsi ziren lehendabizi traineruaren arlo teknikoaren arduradunak, gero prestatzaile fisikoa, eta ondoren entrenatzailea. Eta, denen aurretik, txarangako kideak, errezibimendu guztietan hain fin aritzen diren musikariak.

Herritarrek txalo zaparrada eskaini zieten denei, eta udal ordezkariek oroigarri bana eman zieten. Udaletxeko balkoira igo aurretik, talde argazkia atera zuten, eta Jon Alkain dantzariak aurreskua dantzatu zien txistu eta danbolin doinuei jarraiki.

Udaletxean beste talde argazki bat atera (selfie eta guzti), eta goi-goiko balkoira atera ziren asteburuan irabazitako Zarauzko Bandera astintzera aurrena, eta ondoren, denboraldiko bandera guztiak batera herritarrei eskaintzera.

Txaloez gain, malkoak agertu ziren, bai hainbat herritarren begietan, bai arraunlari eta klubeko kide batzuen begietan ere. Izan ere, amaiera hunkigarria eman zioten ekitaldiari, Benito Lertxundiren Mirotzak abestia jarrita bozgorailuetatik. Arraunlari oriotarrek ereserki bihurtu da, eta atzokoan ere hala erakutsi zuten, kantua ozen abestuz.

Ospakizunak ospakizun, oriotarrak ez dira ase, eta Kontxa irabaztea dute buruan. Atzo ere, hala esan zien Patxi Frances entrenatzaileak, denak borobilean bilduta: "Gauza bakarra falta zaigu...".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!