Balkoiak hori, Kontxako Banderaren lehen jardunaldiaren atarian

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 2a, 17:22

"Aupa Orio" dioten zapiak urte guztian ikus daitezke herriko balkoi eta leiho batzuetan, baina azken egunotan asko ugaritu dira, eta oraindik, gehiago ugarituko dira. Herriaren babesa sentitzen ez dutenik behintzat ez dute esango arraunlariek.

Igandean urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa dute Orio Arraunketa Elkarteko bi traineru nagusiek: Kontxako Banderaren lehen jardunaldia. Dena ematera aterako dira arraunlariak, eta halaxe herritarrak ere. Igandeko estropadarako bi egunen faltan herriko balkoiak eta leihoak sekula baino horiago egotea bada zerbaiten seinale. 

Neska-mutilak animatzeko klubeko materiala behar dutenek, oraindik badute hori eskuratzeko aukera. Elkarteak denda jarriko du gaur 18:00etatik aurrera plazan, eta elastikoak, kirol jertseak, banderak, katiluak eta beste hainbat material erosteko aukera izango da bertan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!