Emaitza bat edo beste izan, zaleek berdin erantzun dute

Onintza Lete Arrieta 2022ko ira. 4a, 17:55

Beste behin, Donostiako portua eta inguruak horiz jantzi dira, eta Orio Orialkiko bi traineruek zaleen babesa jaso dute Kontxako Banderako lehenengo estropadan. Emakumezkoak garaipenarekin etxeratu dira, eta gizonezkoak etsipen puntuarekin, bosgarren egin ondoren. Zaleek, ordea, bien lana eskertu dute, eta gizonezkoen taldea animatzen saiatu dira, abestuz, estropada amaitu ondoren.

Zaleen bultzadarik ez zaie falta izan gaurkoan ere Orio Orialkiko neska-mutilei Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia jokatzerakoan. Donostiako Paseo Berria kolore horiz estali dute dozenaka eta dozenaka zaletuk, eta portuko txoko batean eta bestean ere kolore ikusienetakoa izan da.

Familiak haur txiki nahiz koskortuekin, jubilatu kuadrillak, gaztetxo eta gazte taldeak... Kolore horiak adin guztiak harrapatu ditu, eta giro paregabea jarri dute goizean goizetik. 

Pankarta eta bandera erraldoi batzuk ere jarri dituzte han-hemenka, eta herriko bi traineruak gogoz animatu dituzte. Emakumezkoen traineruak etxeko lanak ondo egin, eta estropada irabazi du Arraun Lagunaki bi segundoko errenta aterata, eta poza nabaria izan da arranplan. Gizonezkoen trainerua, berriz, ez da hain fin ibili, eta ohorezko txandatik kanpora gelditu da, bosgarren eginda. Estropada amaieran arraunlari eta klubeko kideen artean nabaria zen tristura, baina zaleek bikain erantzun dute, eta saiatu dira arraunlariak animatzen kantuan eta oihuka.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!