Herriari eskainitako Kontxa

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 12a, 09:40

Pozez gainezka iritsi ziren Orioko arraunlariak herriko plazara, kalejira alaitsuan, txarangaren atzetik. Herritar guztiak zain-zain zeuden Kontxako heroiak txalotzeko, agurtzeko eta besarkatzeko. Ordurako jada festa hasia zen Orioko kaleetan, marea horia olatu aparretan baitzegoen eguerdiaz geroztik.

Kontxako Bandera estandarte gisa harturik, batera eta bestera astinduz, dantzari iritsi ziren udaletxe aurrera Orioko txapeldunak, eta jostari aritu ziren biraka, "Aupa Orio!" oihukatuz. Jarraian, familia argazkia atera zuten, historia liburutan ongi erregistratzeko: 2022ko Kontxa Orio-Orialkik irabazi zuen. Inork ez dezala ahaztu!

Gainezka zegoen elastiko horidun herritarren begiradapean, dantzariek Agurra eskaini zieten Patxi Francesen arraunlariei, talde tekniko osoari eta arraun elkarteko kideei. Jarraian, udaletxeko batzar aretoan ohiko harrera, eta balkoira irten ziren bandera preziatua astintzera banan-banan.

Nadeth Agirre patroiak eta Patxi Frances entrenatzaileak hartu zuten hitza, eta denboraldi bikainaren fruitua izan dela azpimarratu zuten atzoko lorpena. Era berean, herriaren babesa eskertu zuten, eta, nola ez, herritarrei eskaini zieten garaipena. Bukaeran, taldeak eta zaletuek elkar egin da Mirotza abestia kantatu zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!