Arraunketa olinpikoan euskaldunek egindako lana aitortu du Manuel Etxeberriak bere liburu berrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko ira. 14a, 13:34
Manuel Etxeberria eta Orioko Udaleko ordezkariak liburuaren aurkezpenean.

Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan (1970-2000) liburua idatzi du Manuel Etxeberriak, kronikez, protagonisten adierazpenez, emaitzez eta argazkiz osatua.

Manuel Etxeberria Sedano oriotarrak liburu berria argitaratu du, Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan (1970-2000) izenburupean. Atzo egin zuen aurkezpena Orioko Kultur Etxean, eta ondoan izan zituen Orioko Udaleko ordezkariak, eta arraun munduko hainbat lagun; tartean, liburuan agertzen diren zenbait arraunlari: Dionisio Redondo eta Andoni Elizalde oriotarrak, eta Orion arraunketa olinpikoan aitzindaria eta sustatzailea izan zen Patxi Sarasua. Horiez gain, beste hainbat arraunlari oriotar ere aipatzen ditu Etxeberriak liburuan: Lasurtegi, Korta, Goikoetxea, Genoba eta Urbieta, besteak beste.

Lagun giroan, liburuaren nondik norakoak azaldu zituen Etxeberriak, eta hiru hamarkadatan zehar arraunketa olinpikoan lan bikaina egin zuten euskal arraunlarien lorpenak, estropada esanguratsuak eta beste hainbat anekdota kontatu zituen. Bertaratu ziren herritarrek ere parte hartu zuten elkarrizketan, garai hartan bizitakoak gogora ekarriz. Izan ere, bat etorri ziren guztiak: "Hiru hamarkada horiek oso emankorrak izan ziren euskal arraunketa olinpikoarentzat, eta euskal arraunlariek emaitza garrantzitsuak lortu zituzten nazioarteko txapelketetan".

Horregatik, liburuarekin Etxeberriak nahi izan du euskal arraunlariek arraunketa olinpikoan egindako lana aitortu. "Gure kamiseta horia alde batera utzi, eta euskaldunon lana balioan jartzen saiatu naiz. Kasualitatez, 70. hamarkadatik 90. hamarkadara bitartean, Espainiako Selekzioko elastikoa horia zen, eta kolore horiz josirik dago liburua, baina horrek ez du esan nahi oriotarrak bakarrik agertzen direnik bertan, elkarte askotako arraunlariak baitaude. Horrez gain, gure artean ezezagunak diren Frantziako Selekzioarekin aritu ziren iparraldeko arraunlariak ere aipatzen ditut liburuan, horiek ere euskaldunak baitira".

Ikerketa lan handia

Aspaldi hasi zen Etxeberria proiektu honetan lanean, baina liburua idazteko ikerketa eta informazio eta argazki bilketa lan handia egin behar izan du. Bidean ez da bakarrik izan, ordea, eta lagun izan dituenei eskerrak eman zizkien aurkezpenean: "Luis Mari Basurtegik liburuaren prologoa idatzi du, eta Jabier Zabaletak hizkuntza arloan asko lagundu dit; bere ikuspuntua oso aberasgarria izan da". Horrez gain, Igon Lertxundi oriotarraren ekarpena ere ezinbestekoa izan zela nabarmendu zuen, "asko lagundu baitzidan txapelketetako emaitzak lortzen".

Liburua idazteko kazetaritza estiloa erabili du, eta protagonisten adierazpenak eta euskaldunek parte hartu zuten txapelketetako emaitzak tartekatu ditu, "kronikei bizitasuna emateko". Argazki bilduma zabala ere jasotzen du lanak, 90 argazki ingurukoa. Gainera, argazki batzuetan QR kodeak agertzen dira, eta horien bitartez liburuan aipatzen diren estropada esanguratsuetako bideoak ikusteko aukera izango dute irakurleek mugikorrean. 

Iraultza

Etxeberriak aurkezpenean azaldu zuen, 1970etik 2000ra, euskaldunek munduko txapelketetako eta Olinpiar Jokoetako 60 finaletan parte hartu zutela. "Eta 23 arraunlarik lortu zuten gutxienez domina bat eskuratzea, baina badira arraunlariak hiru domina dituztenak, Redondo, Puertas eta Elizalde, esaterako. Emaitza ikaragarria da. Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen, gure arraunlariak senior mailara iristen direnean tostako arraunketan zentratzen direlako nagusiki, arraunketa olinpikoa alde batera utziz", aitortu zuen.

Hala, garai hartan arraunketa olinpikoan izandako arrakasta ulertzeko, Pedro Abreu Kubanoaren ekarpena oso garrantzitsua izan zela azaldu zuen Manu Etxeberriak, eta nabarmendu zuen haren adierazpenak ere jaso dituela lan horretan. "Jokin Amilibiari esker lortu nituen horiek. Duela urte asko, Jokin Amilibiari galdera batzuk pasa nizkion eta berak egin zion elkarrizketa nire partez, bisitan joan zitzaion batean", azaldu zuen. Etxeberriaren iritziz, oso garrantzitsua da Abreuren hitzak jasotzea, "bera izan zelako urte horietako garaipenen motorra. Arraunarekiko zaletasun handia zuen, eta hark finantzatu zuen Espainiako Selekzioaren proiektua. Thor Nielsen ekarri zuen, munduko entrenatzailerik onenetakoa, eta hari esker emaitzak bikainak lortu zituzten arraunlariek. Ondoren, Patxi Sarasua oriotarrak izendatu zuten selekzioko zuzendari teknikoa eta norvegiarraren lekukoa hartu zuen". Aurkezpenean bertan aurkitzen zen Patxi Sarasuak aitortu zuen, inbertsio garrantzitsurik gabe, ordea, "ezinezkoa" izan zela aurreko hamarkadetako mailari eustea eta munduko talde onenen parean aritzea, "horretarako diru asko behar baita".

Bestalde, arraunketa olinpikoak tostako arraunketa indartzeko izan zuen garrantzia ere jaso du Etxeberriak liburuan. Lehen kapituluan, sarreran, 1970ean oriotarrek atera zuten Altxola trainerua aipatzen du. "Ordurako Orioko arraun elkartean arraunketa olinpikoa lantzen zen eta horrek iraultza ekarri zuen tostako arraunketara".

Gaiaz gehiago jakin nahi dutenek salgai dute liburua Ontza paperdendan eta Iturain estankoan.

Ekarpena

Aurkezpenean Anuska Esnal alkateak eskerrak eman zizkion Manu Etxeberriari herriari egin dion ekarpenagatik. "Liburuz liburu ari zara herriko arraun ondarea jasotzen, eta hori oso garrantzitsua da belaunaldi berriek presente izan dezaten. Altxorra da guretzat".

Era berean, Etxeberriak esker ona adierazi zion Orioko Udalari bere lanean sinesteagatik. "Hainbat udalek lagundu didate, baina Oriokoa izan da finantziazio iturri garrantzitsuena. Eskerrik asko benetan". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!