Herriak omenaldi beroa egin dio Imanol Alguacili

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 22a, 10:50

Orioko Udalak azken urteetan Mendibeltzen egin dituen lanak herritarrei aurkezteko ekitaldia izan behar zuena, Realeko entrenatzaileari omenaldian bukatu zen. Udalak ez ezik, Orioko eta Zarauzko futbol elkarteetako kideek ere parte hartu zuten ekitaldian, harmailak herritarrez beteta zirela. Jarraian, Orioko eta Zarauzko futbol taldeek lagunarteko partida jokatu zuten.

Orioko Udalak Mendibeltz futbol zelaian azken urteetan egin dituen lanak herritarrei aurkezteko ekitaldi irekia antolatu zuen atzo arratsalderako. 19:00etarako jarri zuen hitzordua, baina ordu erdi bat lehenago ere bazen mugimendua futbol zelaiaren inguruetan. Dozenaka ume atzera eta aurrera kamiseta horiak soinean zituztela, harmailak betetzen hasita, Orioko eta Zarauzko futbol taldeetako kirolariak beroketak egiten, eta prentsa ere bertan. Futbol zelaiko lanak aurkezteko ekitaldi soil bat baino gehiago izango zenaren usaina zuen, eta halaxe izan zen. Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileari omenaldia beroa egin zion herriak.

Arratsaldeko protagonista izango zena ere garaiz iritsi zen Mendibeltzera; hitzordua baino ordu laurden bat lehenago bai. Zelaiaren albo bateko atetik sartzeko agindu zioten, jendetza saihesteko, eta Orioko futbol elkarteko arduradunek umeak zelaian kokatzeari ekin zieten. Bi ilara luzetan jarrita, txaloka hartu zituzten Orioko eta Zarauzko futbol taldeetako kirolariak, ordezkariak, Orioko udal ordezkariak eta arratsaldeko protagonista: Imanol Alguacil.

Zelai erdian egin zuten ekitaldi laburrari Ainara Munduate Oriko Hirigintza zinegotziak eman zion hasiera. Pandemia dela eta, Mendibeltzen egindako lanen aurkezpen ofiziala nahi baino gehiago atzeratu dela adierazi zuen, eta motzean, azken bi urteotan futbol zelaian egindako lanak zerrendatu zituen. "Badakizue belar artifiziala duela bi urte aldatu zela, urteetako eskaerari erantzutez, eta badakizue baita, obra batek beste batzuk ekarri ohi dituela. Horrela, belarra aldatu eta gero, fokuak ere aldatu ziren, argiaren intentsitatea kontrolatu ahal izateko, energia aurrezteko helburuarekin".

Segidan, Arkaitz Agirre Orioko Futbol Taldeko presidenteak hartu zuen hitz. Futbol zelaian egindako lanak eskertu zizkion udalari, "futbolean zenbat gazte ibiltzen den ikusita, beharrezko inbertsio zelako", eta gogoan izan zituen klubean musutruk lanean aritzen diren kideak ere; eskerrak eman zizkien guztiei, eta horien artean, Alguacili, Oriokoko jokalari ez ezik, entrenatzaile eta laguntzaile ere izana delako.

'Besarkada' opari

Anuska Esnal Orioko alkatearen txanda izan zen gero. Adierazi zuen oraindik irekiari ofiziala eman gabe zeukatela futbol zelai berriari, eta horrez gain, oraindik ospatu gabe zeukatela Alguacilen garaipena ere, Realak irabazi zuen 2020ko Espainiako Errege Kopari erreferentzia eginez. "Eskerrak Oriokori herriko neska-mutilekin egiten duzuen lan guztiagatik harrotasunez betetzen gaituzten balore horietan: garaipenak baino, lan isila, egunerokoa, konstantzia. Eta horren ikur norbait bada, Imanol da. Guretzat ohore bat da zure herrikide izatea, ez garaipenengatik, baizik eta egunero erakusten diguzun umiltasunagatik, jarreragatik, eroritakoan altxatzeko daukazun gaitasunagatik, eta garaipenak bizitzeko moduagatik". Hitz horien ostean, Elene Tamayo sortzaile oriotarrak egindako Besarkada koadroa oparitu zion Esnalek Alguacili, "batez ere beheraldietan herritar guztien berotasuna sentitzeko, eta herria zutaz harro dagoela gogoratzeko".

Alguacilek, mikrofonoa eskuetan, amonak esandako hitzak ekarri zituen gogorra: "Amonak esaten zidan ikasteko eskerrak ematen, eta batik bat, Orioko herriari eskerrak emateko. Momentu hori iritsi da: eskerrik asko Orioko herri guztiari, Orioko eta Zarauzko futbol taldeei, eta aupa Orio!".

Futbol zelaian bildutako herritarren txalo zaparradaren ondoren, Orioko eta Zarauzko futbol elkarteen ordezkariek oroigarri bat oparitu zioten Alguacili, hain zuzen ere, Realean baino lehen, bi talde horietan ibilitakoa baita bera. Mikel Aiartzaguena Zarauzko Kirol Elkarteko futbol arloko presidenteak irakurri zuen oroigarrian jartzeko bi taldeek adostutako esaldia: "Harrobian zein elitean, beti langile eta apal".

Jarraian, Oriokoko preferente mailako gizonek Zarauzko ohorezko jubenil mailakoen kontra lagunarteko partida jokatu zuten, eta zarauztarrek irabazi zuten 1 eta 2.

Mendibeltzen egindako lanak

Duela bi urte, FIFA Quality ziurtagiria jaso duen 60 milimetroko eta azken belaunaldiko belar artifiziala jarri zuten Mendibeltzen. Udalak Fieldturf Poligras enpresari adjudikatu zizkion lanak, eta 350.932,43 euroko kostua izan zuten. Horrez gain, eserlekuak, ateak, kornerretako banderatxoak, jokalarientzako eserlekuak eta ureztapen sistema ere berritu zituzten.

Argiteriari dagokionez, berriz, LED teknologiako 930 watteko 27 proiektore instalatu dira aurten lau dorretan, 20 metroko altueran. Gainera, potentzia telematikoki kontrolatzeko sistema dauka, eta aurrekoak baino % 53 energia gutxiago kontsumitzen du. Lanak Inelco 2001 enpresari adjudikatu zizkion udalak, eta 50.551 euroko kostua izan dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!