"Nire diseinuan feminitatearen figurarekin hautsi nahi izan dut"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko ira. 24a, 12:00
Jon Alkain Londresen. (Utzitakoa)

Jon Alkain eta Alvaro Azkue oriotarrek egonaldia egin dute Central Saint Martin Londresko moda eskola entzutetsuan, Tabakalerak emandako beka baten bidez. Alkainekin hitz egin du KARKARAk bertan izandako esperientzia ezagutzeko.

Nola sortu zitzaizun aukera Central Saint Martin moda eskola ospetsuan egonaldia egiteko?

Izurritearen aurretik, urtero Tabakalerak Gipuzkoako pare bat diseinatzaile aukeratzen zituen Cental Saint Martinen egonaldia egin zezaten, Bilbao International Art of Fashionen bitartez. COVID-19a dela eta, eten egin zen beka hori, eta aurten berriz jarri dute martxan. Hala, deialdia egin zutenean nire curriculuma eta postfolioa aurkeztu nituen, eta aurkeztu ginen guztien artean bi lagun aukeratu zituzten: Alvaro Azkue oriotarra eta ni. Gurekin batera joan ziren Bilboko, Gasteizko eta Errioxako beste hainbat diseinatzaile ere.

Zer egin duzue bertan?

Ideia bat pentsatuta eraman behar genuen, eta hori garatzeko prozesu guztia landu dugu bertan: bilaketa egin, materialak eta ehunak aukeratu, prototipo batzuk egin argazkiak ateratzeko eta horrekin batera proiektuaren dosierra egin.

Zein izan da garatu duzun ideia?

Urrian Tabakalerarekin Balentziaga Museoan aurkeztuko dudan kolekzioaren lehen ideia batean inspiratu naiz. Feminitate ideia dekonstruitu edo hautsi egin nahi izan dut, iruditzen zaidalako aspalditik aintzat hartzen den emakume eredua edo itxura ez dela benetakoa: gerri txikia eta aldaka zabala, harea-erloju baten silueta, alegia. Horrekin hautsi nahi nuen, gizarteari esateko figura hori ez dela erreala, emakume guztiek ez dutela forma hori. Emakume bakoitzak gorputz desberdina du, eta zabaltzen den edertasun eredu hori ez da egitazkoa. Horretarako, XVI. mendean erabiltzen ziren kortse batetik abiatu nintzen, baina diseinuari bolumenak atera nizkion toki desberdinetan, harea-erlojuaren figura puskatzeko. 

Jon Alkainek Central Saint Martinen sortutako diseinua. (Utzitakoa)

Jon Alkainek Central Saint Martinen sortutako diseinua. (Utzitakoa)

Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Oso ona. Oso aberasgarria izan da. Ingelesez izan da ikastaroa, eta irakasleek gertutasun handia izan dute gurekin. Prozesuak ikasteko eta modu desberdin batera lan egiteko balio izan digu. Atentzioa eman dit sorkuntza prozesu osoan zehar collage gehiago egitera bideratu gaituztela. Manikien gainean sortzen ere erakutsi digute, bakoitzak nahi duen materialarekin. Kortse bat egin nuen, eta horren gainean oihal desberdinak jarri nituen bolumen desberdinak sortzeko. Azkenean, sortu nuen kortsea tapatzen duen look oso bat. Nik ordura arte ez nuen sekula manikiaren gainean lanik egin, eta gustura geratu naiz esperientziarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!