Albaola Itsas Kultur Faktoriak alak eraikiko ditu ikasleekin Mutiozabalen

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 24a, 16:30
Ostegunean eman zituzten proiektuaren nondik norakoak. (Aitziber Arzallus)

Mutiozabal ontziolan alak eraikiko dituzte azarora bitartean Orioko ikasleekin. "Itsas ondarea belaunaldi berriei transmititzeko" xedea du proiektuak, eta udalaren Biziberritze Planaren barruan dago. Ekainean egin zuten proba pilotoa eta, izan zuen arrakasta ikusita, proiektua zabalduko dute pixkanaka-pixkanaka. Ostegunean proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituzten. 

2019an Orioko Udalak Mutiozabal ontziolaren eraikina erosi zuen eta, ordutik, biziberritzeko lanetan ibili da. Ostegunean, datozen lau urteetan bertan garatuko duten proiektua aurkeztu zuten jendaurrean Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta udalak. Aurrerantzean, haurrei begirako ontziola izango da Mutiozabal. Alak eraikiko dituzte ikasleek, "eraikitzen errazak" direlako eta "Orion sustraitutako garraiobidea" izan zelako. "Piezak eginda ekarriko ditugu eta Mutiozabalen muntatu egingo dituzte ikasleek", azaldu zuen Xabi Agote Albaolako zuzendariak.

Hain zuzen ere, proba pilotoa egin zuten ekainean hainbat ikaslerekin. Ordukoak arrakasta izan zuenez, azarora arte hainbat saio egingo dituzte LH 5eko, LH 6ko eta DBHko Orioko ikasleekin. Astean bi egunez izango dituzte saioak, eta datorren urtetik aurrera Euskal Herriko beste ikastetxeetara zabalduko dute ekimena. Ikasleekin batera, Albaolako hiru begirale oriotar ariko dira alak eraikitzen: Eider Arruti, Jon Gaztañazpi eta Antxon Mendizabal. Egunotan ikasleekin bizitako esperientzia kontatu zuen Arrutik, eta harrituta daudela azaldu du: "Lan-tresnekin ezin hobeto moldatzen dira! Eta oso gustura zeuden erremintak eskuan hartuta. Ez zuten etxera joan nahi!". Etorkizunean herritarrei zabalduko diete proiektua. Bitartean, astearte eta ostiraletan ontziolara gerturatzeko gonbita egin diete oriotarrei.

Mutiozabalgo proiektuarentzat propio sortutako irudiaren nondik norakoak ere azaldu zituen Agotek osteguneko aurkezpenean: "Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuneko Txo izango da gure ontziolako pertsonaia, Ternuako Mikmak tribuko kidea. Tribu horrek harreman handia zuen euskaldunekin eta, batez ere, oriotar arrantzale nabarmenekin". Pertsonaia ume bat zen pailazoen ikuskizunean, baina egokitu egin dute eta nerabea da orain, Mutiozabalek jasoko dituen neska-mutilen antzera.

Proiektuaren jatorria

Osteguneko ekitaldian ekimenaren hastapenak ere argitu zituen Agotek: "Jesus Mari Peronak Mutiozabalgo plano originalak aurkitu zituen, gaur egun alor honetan ezagutzen den plano-bildumarik zabalenetakoa; eta Albaolak, plano horietan oinarrituta, zortzi ontzi eraiki ditu dagoeneko. Azkena, Orion pasa den uztailean izan zen Juanita Larando patatxa. Azken finean, Peronaren aurkikuntzari esker egin dugu guk lan". Esteban Gozategiren aipamena ere egin zuen Agotek, Mutiozabalen aritu zen azken langileetako bat, ondoren Albaolan hamar urtez jardundakoa. "Arotzen premia nuen, eta Mutiozabal oraindik martxan zegoela joan nintzen hura ikustera. Erretiroa hartu arte egon da gurekin. Albaolara tarteka etortzen den bezala, orain autoa hartu gabe etorri daiteke gu bisitatzera, Mutiozabalera", adierazi zuen Agotek.

Mutiozabalgo proiektua definitzerakoan, Agotek argi zuen ez zutela Pasaiako Albaolan egiten duten lan berbera hemen ere egin nahi; horren ordez, hango ekimenarekin "bateragarria" izango den zerbait garatu nahi dute. Orioko Udala Biziberritze Plana ontzen ari zen une hartan, eta argi ikusi zuten: "Biziberritzea ezin da egin belaunaldi berriak inplikatu gabe". Hori horrela, "itsas ondarea belaunaldi berriei transmititzea" xede izango duen proiektua jarri dute martxan. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!