Moila indartzeko lanak hasiko dituzte urrian

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 27a, 10:43
(Argazkia: Orioko Udala)

Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egingo ditu moila sendotzeko lanak, eta otsailerako bukatzea aurreikusten dute. Behin sendotze lanak bukatuta, oinezkoak pasatzeko hegala eraikiko du udalak moilaren ertzean, errioaren gainean.

Orioko Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak moila sendotzeko lanak hasiko ditu datorren hilean. Gauza da, Herriko Plaza peatonalizatu zutenean, bi norantzetakoa bihurtu zutela moilako errepidea eta, horren ondorioz, nabarmen estutu zela oinezkoen pasabidea Bizkarreneko (Bordatxo) etxearen parean. Orain egingo diren lanekin, moila sendotu egingo dute inguru horretan. Lan horiek Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egingo ditu, urrian hasi eta otsaila bitartean, eta, ondoren, udalak hegal bat eraikiko du moilaren ertzean, oinezkoak eroso pasatzeko.

Udalaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak landutako hasierako proiektuak moila zazpi metro zabaltzea aurreikusten zuen eta, horretarako, ezinbestekoa zen hura indartzea 30 metroko sakoneran zutabeak jarrita. Lanak Altuna y Uria enpresari adjudikatu zizkioten, eta lehen fasearekin hasi ziren, neurketak egiten. Legealdi berriarekin batera, ordea, udalak ikusi zuen egin beharreko lanek arriskuan jartzen zituztela inguruko etxeak, eta obra geratzea erabaki zuen, irtenbide bat bilatu arte. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin obra beste modu batera egiteko aukerak aztertzen hasi ziren, eta hilabete luzez aritu dira negoziatzen, irizpide guztiak landu eta bateratzea lortu duten arte.

Obra txikiagoa

Proiektu berriak bi aldeen oniritzia jaso du eta, horren arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak moila indartuko du inguruko eraikinak kaltetu gabe. Orain egingo duten obra hasierako proiektukoa baino txikiagoa izango denez, moilan egin beharreko esku-hartzea sinpleagoa izango da, eta inguru osoaren segurtasuna bermatuko duela ziurtatu du udalak.

Behin Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sendotze lanak bukatuta, udalak eraikiko du oinezkoak pasatzeko hegala moilaren ertzean, errioaren gainean. Irailaren 1ean adjudikatu zituen proiektu berria egiteko lanak, eta egun hauetan neurketak egiten ari dira.

Aurreikuspenen arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egin beharreko lanak urritik otsailera arte luzatuko dira. Obrak egiten diren bitartean, ez dute errepiderik moztuko, baina ibilgailuek txandaka pasa beharko dute moilatik. Semaforoak jarriko dituzte horretarako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!