Arturo Elosegi: "Gehien harritu gaituena izan da naturak zein azkar hartu duen bere bidea"

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 7a, 10:18

Artikutzako (Goizueta, Nafarroa) Enobieta urtegiaren hustuketa gidatu zutenetako bat da Arturo Elosegi Orioko bizilaguna, eta gaur, horren inguruko Urak aske dokumentala emango dute Orioko Kultur Etxean, 18:30ean hasita. Ikus-entzunezko lana ikusi ostean,  Elosegirekin solastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Oztopo besterik ez diren presa txikiak ibaietatik kentzekoa da joera. Azkenaldian, horrelako dozenaka esku hartze egin dituzte Euskal Herriaren luze zabalean. Aldiz, urtegi handiak eraistea ez da batere ohikoa, ez hemen eta ez inon. Esperientzia gutxi dago, informazio urria eta ikasteko asko; horregatik da garrantzitsua egiten diren eraisketak behar bezala dokumentatzea. Helburu hori du Bego Zubiaren Urak aske dokumentalak, eta gainera, bi esperientzia jaso ditu lan berean: Artikutzako (Goizueta, Nafarroa) Enobieta urtegia nola hustu zuten eta Vezinseko (Normandia, Frantzia) urtegia nola kendu zuten.

Ikus-entzunezko lana martxoan estreinatu zuten Donostian, harrezkero herriz herri ibili da , eta gaur arratsaldean, Orion izango da ikusteko aukera, Kultur Etxeko areto nagusian, 18:30ean hasita. Dokumentala ikusi ostean, Arturo Elosegi EHUko Ekologia katedradunarekin eta Orioko bizilagunarekin solasteko aukera izango dute herritarrek. Elosegik ezin hobeto ezagutzen ditu Enobietako urtegiaren hustuketaren nondik norakoak, hain zuzen ere, husteko aholku eman zuen zientzialari taldeko kidea baita bera. Hustu aurretik ez ezik, hustu osteko hiru urteotan ere ondorioak neurtzen jardun da.

Elosegiren esanetan, dokumentalean kontatzen da Enobietako urtegiaren eraiste prozesuaren hasiera. "Orain dela 100 urte, Donostiako Udalak Artikuntzako harana erosi zuen uraren kalitatea bermatzeko. Enobietako urtegia eraiki zuten, baina ez zen egokia suertatu". Hasieratik arazo geoteknikoak izan zituen urtegiak, eta handik urte batzuetara, errekan beherago urtegi handiago bat eraiki zuten: Añarbeko urtegia. "Geroztik, hamarkadatan, Enobietako urtegia ez da erabili, ez da kudeatu eta utzita zegoen, ziurtasun arazo pila batekin".

Orain dela urte batzuk, Donostiako Udalak erabaki garrantzitsua hartu behar izan zuela azaldu du Elosegik. "Erabaki behar izan zuen urtegi horrekin zer egin, konpondu edo kendu, eta erabaki zuen kentzea, beherago beste urtegi bat egonda, konpontzeak zentzurik ez zuelako". Urtegia kentzeko prozesu horretan, lehendabiziko lana izan da urtegia hustea, "eta hori egin nahi zen ahalik eta kalte ekologiko txikiena eginez eta ahalik eta onura ekologiko handiena bultzatuz".

Elosegik garbi utzi nahi izan du erabakitzeko eskumena beste batzuek izan dutela. "Urtegiaren inguruko erabakiak Donostiako Udalak hartzen ditu, jabea bera delako, eta, orain, Espainiako Ingurumen Ministerioa da azken irtenbidea aztertzen ari dena. Hala ere, egia da hasiera-hasieratik galdetu digutela eta aholkulari gisa jardun dugula, baina ez arduradun gisa". BBVA Fundazioari eskatu zioten ikerketarako dirulaguntza.

Aholkua: poliki hustea

Beharrezko azterketak egin ostean, urtegia kentzearen alde egin zuten Elosegik eta haren taldeak. "Artikutzako harana garai batean oso ustiatuta egon zen, baina momentu honetan da Euskal Herrian kontserbazio maila onena daukan harana, eta urtegia zen geratzen den azkenetako puntu beltza. Urtegiak habitat artifizialak dira. Jendeak uste du urtegi bat laku bat dela, baina oso desberdin funtzionatzen dute uraren kalitatearen aldetik, han bizi daitezkeen bizidunen aldetik eta abar. Gainera, bertako espezie interesgarrienari ere, ur satorrari, bere eremuaren puska bat kentzen zion; eta beste hainbat arazo ere sortzen zituen. Beraz, gure aholkua izan zen, poliki hustuz gero, husteak askoz onura gehiago izango zituela urtegia mantentzeak baino. Eta, momentuz behintzat, hala izan da".

Urtegia husteko urte eta erdi inguru behar izan zituzten, eta 2019ko azaroan amaitu zuten; oraintxe hiru urte. Elosegik aitortu du beldur batzuk bazituztela: "Ura oso baxu zegoenean, oxigeno faltagatik edo, hango arrainak itoko ziren; urtegitik ateratzen ziren lokatzek beherago dagoen auzoan arazoren bat sortuko ote zuten… Horrelakorik ez da gertatu, eta zerbaitek harritu bagaitu izan da naturak zein azkar hartu duen bere bidea. Hustuketa bukatu eta oso denbora gutxian Enobieta errekak urtegi horretan erreka berri bat sortu du, eta erreka horretan gaur egun amuarrainak daude, igaraba dabil, ur satorra ere badabil; hau da, oso-oso azkar berkolonizatu dute, eta hustu zen momentuan lokazti zikin bat zirudien lekuan, basoa dator. Dagoeneko lauzpabost metroko zuhaitzak badira".

Artikutza, bestela ere, laborategi handia bat dela esan du Elosegik. "Leku gutxi daude azken 100 urteetan horrelako mimoz kontserbatu direnak, beste leku guztiak degradatzen doazen garaiotan. Horrelako lekuak topa ditzakegu Ordesan eta horrelako leku mitikoetan, baina leku mitiko horiek guztiak goi mendietan daude, eta horregatik ere bada berezia Artikutzakoa". Urtegiaren hustuketak, ordea, are interesgarriago bihurtu du zientzialarientzat. "Urtegi handien eraisketa gutxi egin izan dira, eta kasu bakoitza desberdina izan da. Adibidez, Normandiakoa eta Artikuntzakoa altuera bereko urtegiak dira, baina hangoa askoz handiagoa, leku lauagoa dela; han ur zikinak zituzten...". Enobietako urtegiaren hustuketak interes handia sortu duela baieztatu du Elosegik. «Mundu guztiko jendea etorri da, leku askotan erakutsi ditugu hemengo datuak eta irudiak, eta jende asko dabil honetatik ikasi nahian».

Baina oraindik bada galdera bat airean: zer egingo dute urtegiaren hormarekin? Elosegiren arabera, kontzesioaren jabeak, alegia, Donostiako Udalak, hori aprobetxatzeari uko egiten dionean, lekua lehen zegoen bezala utzi beharko luke berez. Horrek esan nahi du presa guztiz eraitsi beharko lukeela. "Baina oso garestia izateaz gain, ingurumenean ere ondorioak izango lituzke horrek». Uneotan, Espainiako Ingurumen Ministerioan bi aukera eztabaidatzen ari direla esan du: "Bata da zazpi metroko zabalera duen erreten bat egitea erreka ibilgu normal samar batekin, eta presaren gainontzeko parteak bertan uztea; eta bestea da, guztiz eraistea. Gure aurreikuspen eta kalkuluek diote horma han lagatzeak kalte txikiagoa eragingo lukeela. Izan ere,hormigoi guztia handik ateratzeak kamioien izugarrizko mugimendua, zarata eta abar eragingo lituzke, eta presan bertan bizi diren saguzaharrei eta beste espezie interesgarri batzuei ere zuzenean eragingo lieke". Elosegik esan du horma lagatzearen aldekoa dela bera, hura kentzeak "ingurumenean momentuko inpaktu izugarriaz gain, onura erantsirik ez" lukeelako ekarriko. "Pareta hor geldituko litzateke, burdinolak-eta uzten ditugun moduan eta, besterik gabe, goroldioak hartuko luke".

Elosegiren irudiko, dokumentalak ongi biltzen du Artikutzan egin den lana. "Nire zalantza da zer puntutaraino den eraginkorra edo ez, jendea konbentzitzen ote duen hor eman nahi den mezuak, baina esango nuke baietz. Uste dut dokumentala gustatu egin dela, gustatu egin dela Artikutzan egin den lana eta jendea maiteminduta gelditu dela Artikutzarekin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!