Memoriaren Egunaren bueltan egitaraua aurkeztu du Orioko Bizikidetza Batzordeak

Karkara 2022ko urr. 14a, 10:40
Orioko Bizikietza Batzordea. (Orioko Udala)

Azaroaren 10a Memoriaren Eguna izaten da, eta horren harira programa zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak urritik abendura bitartean. Gaur egingo dute lehen jarduera, eta herriko eskoletako DBH 4. mailako ikasleek Ander Gillenearen argazki emanaldia ikusteko aukera izango dute kultur etxean.

Orioko Bizikidetza Batzordeko kideek ohar bidez azaldu duenez, Memoriaren Egunak motibazio politikoko indarkeria-testuinguruetan izandako biktima guztiak hartzen ditu aintzat. Jakin badakite "Orion giza eskubideen urraketa ugari izan direla eta horrek sufrimendu handia eragin duela. Agian, errealitate gordin hori ez dugu bere osotasunean ezagutu; agian, ez gara modu berean hurbildu biktima guztiengana; agian, ez gara jabetu indarkeriak noraino eragin duen gure bizitzetan eta gure ingurukoengan. Eta hori guztia kontuan izanda, egun honen bitartez, indarkeria zuzenean pairatu duten horiekiko gertutasuna eta aitortza adierazi nahi ditugu», adierazi dute.

Gaian sakontzeko une egokia izan daitekeela uste du batzordeak, "elkarri entzuteko eta sufrimendu ezberdinez jabetuta, elkarrekin pausuak emateko, berriro sekula errepikatu ez daitezen". Bide horretan ari da lanean Bizikidetza Batzordea eta baita oriotarrez osatutako Herritarren Foroa ere. "Lantalde bakoitzak bere bidea egiten jarraitzen du, barne-hausnarketak eta lanketak eginez eta bizipen zein ikuspegi ezberdinak partekatzen», adierazi dute.

EGITARAUA

Azken urteetan modu ezberdinetan ospatu izan da herrian Memoriaren Eguna, eta besteak beste, adierazpen instituzionalak eta elkarretaratzeak egin izan dira. Aurten, aldiz, sei jarduera antolatuko dituzte.

- Gaur, urriak 14. Argazki-emanaldia Bostok Photoko Ander Gillenearen eskutik, DBH4-ko ikasleentzat. 12:30ean, kultur etxean.

- Urriak 25, asteartea. Iñaki Peñaren S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren emanaldia eta solasaldia. 19:00etan, kultur etxean.

- Azaroak 8, asteartea. Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentalaren emanaldia eta solasaldia. 19:00etan, kultur etxean.

- Azaroak 10, osteguna. Iciar Bollainen Maixabel filmaren emanaldia. 19:00etan, kultur etxean.

- Azaroak 22, asteartea. Minaren eta sufrimenduaren inguruko Eta hik zer? antzerki-foruma. 19:00etan, kultur etxean.

- Abenduak 13, asteartea. Javier Bucesen hitzaldia, 1936tik gaur arte Orion izandako giza eskubideen urraketei buruz Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den ikerketaren emaitzen inguruan. 19:00etan, kultur etxean.

Bizikidetza Batzordea izan da Aranzadi egiten ari den ikerketa horren bultzatzaileetako bat Herritarren Foroarekin batera. Nazioarteko legediaren irizpideak jarraituz egin da urraketen azterketa, eta Udalaren webgunean ikusgai egongo dira laster txostenaren emaitzak. "Lan honi esker, urraketak jasan dituzten herrikideen ahotsak entzun ahal izan ditugu, eta eskuragarri egongo dira aurrerantzean ere".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!