"Borondate onez ari denak ez du arazorik izango gurekin"

Jokin Sagarzazu-Berria 2022ko urr. 30a, 08:30
(Gipuzkoa.eus)

Gipuzkoako denda txikiak, tabernak eta ostatuak asteartean sartuko dira Ticket Bai fakturazio sistema digitalean, eta autonomo gehienak irailetik ari dira harekin; neurriak iruzur fiskalari aurre egitea du helburu. Berria egunkariak gaiari buruz elkarrizketa egin dio Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatu oriotarrari.

Errotaburuko dorreen abaraskan du bulegoa Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak (Orio, 1978). 2015eko abuztuan kargua hartu zuenetik, Ticket Bai martxan jartzea izan du erronka nagusietako bat. Peronaren arabera, ogasuneko langileek "komertzial" lan handia egin dute enpresaz enpresa, "etxez etxe" fakturazio sistema berriaren onuren berri ematen eta zalantzak argitzen.

Zalantza asko daude, eta kexak ere ugari, baina, orain arte, zer arazo izan dituzue?

2016an proiektua abiatu genuenetik, aldaketa batzuk egin ditugu: besteak beste, bi aldiz atzeratu dugu ezarpena, finantza arloko erabakiak hartu ditugu —kenkariak eta horiek ezartzeko moduan—, diru laguntza zuzenak eman ditugu ekipoak-eta egokitzeko, eta erretiroa hartzear dauden profesionalei keinu egin diegu [sistematik kanpo aritzeko aukera dute]. Aldaketa horiek eragileek eskatuta egin dira, eta kolaborazio luze eta emankor baten emaitza izan dira.

Eta aurrerago arazo gehiago sortzen badira?

Kasu puntual bat badago benetan zailtasunak dauzkana, egoera berezi bat daukana, prest gaude erantzuteko, betiere kasua arrazoizkoa eta arrazoitua bada. Guk beti agertu dugu sentsibilitatea. Borondate onez dabilenak ez du arazorik izango gurekin.

Kexu denak ez dauka borondate onik?

Entzuten ari garen aldarrikapenak ez dira berriak; konponbide adostu bat eman genien horiei.

Malgu jokatuko duzue?

Malguak izan gara. Arauan aurreikusiak ditugu egoera batzuk, eta, bestelakoak badaude, aztertu, eta araua egokituko dugu. Berdin kasu puntualekin. Orain, gure helburua da jendea sisteman sartzea eta ohitzea.

Enpresa txikiek diote handiekin alderatuta desabantaila dutela.

Guk kontrakoa diogu. Uste dugu eraginkorragoak izango direla. Unean uneko informazioa edukiko dute negozioa eta sektorea nola doazen jakiteko. Eta guk, informazio hori berehala jasota, lanak aurreratu ahal izango ditugu, zerbitzua azkarrago emateko; BEZaren itzulketekin, adibidez. Sistema egonkortzean, inork ez du atzera egin nahi izango.

Tiketa ematen ez duenak berdin jarraitu dezake, edo bi aldeak ados jarrita nahikoa da kontrolari izkin egiteko.

Bai, baina guk informazio gehigarria daukagu; hornitzaileena, adibidez. Badakigu nork nori zenbat saldu dion, eta noiz. Iruzur egiten saiatzen denak zirrikitu gero eta txikiagoa izango du. Kontzientziazioa ere garrantzitsua da: banakakotik asko egin dezakegu.

Irakurri elkarrizketa osorik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!